Goizeko ordu txikietara arte luzatu ziren Artziniegako jaiak larunbatean, baina igandean ehunka artziniegarrek egin zioten aurre aje eta nekeari, festetako azken jardueretan parte hartzeko.
Kuadrillen arteko herri kirolek bildu zuten jende gehien, Toñin Luengas frontoian. Parte hartzaileek hainbat proba egin behar izan zituzten taldeka, eta sokatirarekin amaitu zuten norgehiagoka.
Herri kirolak amaitu eta segituan hasi zen ekaitza, baina horrek ez zuen festa eten. Goiko plazara mugitu ziren bizilagunak, odolostea jan, argazki eta filma laburren lehiaketaren sari banaketa ikusi eta erromeriaren erritmora azkeneko aldiz dantzatzeko.