EAJk Artziniegako udal osoko bilkura utzi zuen atzo bere bi mozio erregu bilakatu zituztelako

Aitor Aspuru Saez 2024ko api. 19a, 16:00
EAJko zinegotziak udalbatza uzten. / EAJ

Jeltzaleek salatu dute ez zaiela aitortzen ari esparru demokratiko horretan adierazteko eta eztabaidatzeko duten oinarrizko eskubidea. Joseba Vivanco alkateak adierazi du bi mozio erregu bilakatu zituela ez zelako beharrezkoa bozkatzea.

Atzoko udalbatza bizia izan zen Artziniegan. Izan ere, EAJk udal osoko bilkura uztea erabaki zuen, alkateak bere hiru mozioetako bi erregu bihurtu zituelako.

Encina Castresana jeltzaleen bozeramaileak oharra plazaratu du horri buruz hitz egiteko. Honakoa aipatu du zinegotziak: "Tamalgarria iruditzen zaigu gure udalerriko ongizatea hobetzen zuzenean eragiten duten gaiak baztertzea, agian udal-kudeaketarako deserosoak direlako. Udal honetan gehiengoa duten arren, badirudi kosta ahala kosta saihesten dutela beren ekintzen balorazioa eta behar bezala gobernatzeko gaitasuna".

Hori dela eta erabaki zuten jeltzaleek udal osoko bilkura uztea, euren eskubideen urraketatzat jo baitzuten aldaketa hori: "EAJ-PNVk beti izan du ikuspegi positibo eta eraikitzailea gure lanean, mozioak eta zuzenketak idazteko moduak zainduz ere. Tamalez, gaur sentitzen dugu ez zaigula aitortzen ari esparru demokratiko honetan adierazteko eta eztabaidatzeko dugun oinarrizko eskubidea, eta, beraz, ezta gure sigletan konfiantza izan zuten ehunka bizilagunei politikoki ordezkatzeko eskubidea ere".

Alkateak bere gain hartu du erabakiaren ardura eta "hauteskunde kasketatzat" jo du gertatutakoa

Joseba Vivanco alkateak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dio EAJk hiru testu aurkeztu zituela udalbatzan eztabaidatzeko eta bat mozio gisa jaso zuela eta beste biak erregu atalean txertatu zituela: "Batek Arteako komun publikoak berehala irekitzea eskatzen zuen, maiatza eta urria tarteko sasoira itxaron gabe. Bestea udal igeriluekuei buruzkoa zen. Biak erregu bilakatu nituen, udal araudia aintzat hartuta. Izan ere, ez zen beharrezkoa bozkatzea. Hau da, udal gobernu taldeari dagokio onartzea edo ez, baina hain eskaera zehatzak ez dira bozkatu behar. Esaterako, testua aurkeztuz gero hiru zaborrontzi instalatzeko, ez da beharrezkoa bozkatzea, Udalak erabaki behar du egin edo ez eta jakinarazi. Hala ere, horrek ez du esan nahi ez zirela eztabaidatuko. Eztabaida emango zen, baina ez zen beharrezkoa bozkatzea, baizik eta erantzutea egingo dugun edo ez. Hortaz, eztabaidarako eskubidea ez da urratu, kontua da ez zela mozio moduan aurkeztu".

Horrez gain, Vivancok salatu du, bere ustez, EAJren jarrera Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara lotuta dagoela: "Guk beste bi mozio aurkeztu genituen. Bata Gordexolako konkorrei buruzkoa eta bestea Palestinari buruz eta ez zituzten eztabaidatu, joan zirelako. Nire susmoa da ez zutela mozio horiek eztabaidatzeko gogorik, ez interesik, zalantzan jartzen baitut aldeko boza emango zuten. Finean, hauteskunde kasketa bat izan zen. Inork ez die eztabaidatzeko aukera kendu, baina hauteskude garaian gaude".

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide