Etorkizunerako proiekturik ez izatea leporatu dio EAJk Artziniegako Udal Gobernuari

Txabi Alvarado Bañares 2024ko eka. 29a, 07:00

Encina Castresana EAJko bozeramailea. / EAJ

Jeltzaleen aburuz, "beste erakunde batzuen kudeaketa kritikatzera" jo du alkateak, "autokritika egitea saihesteko eta Udalaren eskumeneko gaiei aurre ez egiteko". 

Artziniegako EAJk "oso balantze negatiboa" egin du legegintzaldiaren lehen urteari dagokionez, hainbat "hutsune eta planifikazio falta" daudela argudiatuta. 

Hotela eta La Encinako taberna itxita jarraitzen dutela nabarmendu du Encina Castresanak, eta udalerrian "garbitasun falta" dagoela ere gaineratu du. Horrez gain, "etorkizuneko proiekturik" ez izatea leporatu dio zinegotzi jeltzaleak Udal Gobernuari, merkataritzari edota gazteen enplegu eta emantzipazioari lotuta batik bat.

Langile gastuen gorakada ere kritikatu dute jeltzaleek. Euren iritziz, langileak falta direnaren argudioak ez du balio, gero ez direlako aurreikusitako lanak egiten. Horrez gain, garbiketarako enpresak azpikontratatzea ere leporatu diote Udalari, enplegu publikoa sustatu ordez. 

Era berean, Kutxabanketik kontuak kendu ez izana ere deitoratu du oposizioko taldeak, EH Bilduk EAJren gobernuei hori eskatzen ziela gogorarazita. 

Horrez gain, Correoseko zerbitzuari dagokionez, aurreikuspenik gabe jokatzea leporatu diote Udal gobernuari, postariaren erretiroaren berri lehenagotik zutela nabarmenduta. 

Jeltzaleek gogor kritikatu dute Udalak mobilizazioak deitu izana, "kudeaketan dagoen zorroztasun falta eta alkatearen erantzukizun eza ezkutatzeko" baliatu direla argudiatuta.

Arteko Gure Ama Ikastetxearen egoerari dagokionez, Encina Castresnak aipatu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Ordezkaritzak alkatea deitu behar izan zuela hezkuntza zentro horren “benetako datuak” jakinarazteko, "inork ez zuelako datu horiek ezagutzeko interesik agertu, EAJk izan ezik”. 

Mobilizazioei kritika

Correoseko eta eskolako aferei lotuta, Castresanak gogor kritikatu du Udalak mobilizazioak deitu izana, "kudeaketan dagoen zorroztasun falta eta alkatearen erantzukizun eza ezkutatzeko" baliatu direla argudiatuta. Era berean, Okondon eginiko Lur Espartsetako osoko bilkurara ez joateko erabakia ere deitoratu du zinegotzi jeltzaleak, eta Udalari egotzi dio beste erakundeekin ez biltzea “arazo praktikoak konpontzeko”. 

Ironia baliatuta eman dio amaiera EAJk bere balorazio oharrari, nabarmenduta Udalak mobilizazioak deitzeko baliatu duen lema (“Artziniega bizirik”) EAJk berak erabili zuela 2021ean. Gauzak hala, EH Bilduk jeltzaleen kanpainarekin bat egitea goraipatu du Castresanak. 

Alkatearen erantzuna

Joseba Vivanco alkateak, bere aldetik, Udalak deitutako mobilizazioekin bat ez egitea leporatu dio EAJri, manifestazio horretan jeltzaleei botoa eman zieten herritarrak ere daudela nabarmenduta. 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide