Duela astebete bezala, dozenaka herritar bildu dira gaur Artziniegako frontoian, udalerriko zerbitzu publikoek okerrera egin dutela salatzeko. Udalak deitu du elkarretaratzea, Correoseko, osasun zentroko eta Arteko Gure Ama ikastetxeko egoera dela eta.
Tokiko erakundeak jakinarazi duenez, albiste berriak daude eskolaren korapiloari dagokionez. Izan ere, zuzendaritzako kideek ofizialki plazaratu dute dimititzeko asmoa dutela, kudeaketarako ordu gutxiago esleitu dizkietelako; baina Hezkuntza Sailak ez du erabaki hori onartu.
Hain zuzen, datorren asteko asteartean bilduko dira Udaleko eta hezkuntza komunitateko ordezkariak Eusko Jaurlaritzarekin, soluzio bat topatzeko asmoz.
Argazkiak: Artziniegako Udala