Irailean hasiko da lanean Artziniegako postari berria, Correosen aurreikuspenen arabera

Txabi Alvarado Bañares 2024ko ira. 10a, 22:28

Hainbat mobilizazio egin dituzte herritarrek postari gabezia salatzeko. / Aiaraldea.eus

Hala jakinarazi dio Correoseko harreman instituzionaletako arduradunak Artziniegako Udalari. 

Hilabete honetan hasiko da lanean Artziniegako postari berria. Hala jakinarazi dio Correoseko harreman instituzionalen arduradunak (Nuria Lera Hervas) Artziniegako Udalari, tokiko erakundeak eta 200 herritar baino gehiagok eginiko eskaerei erantzunez. 

Posta erakundeko ordezkariak barkamenak eskatu dizkio Udalari postari gabeziak Artziniegako bizilagunei eragindako oztopoengatik. Bere hitzetan, aurreko postaria jubilatu baino lehenagotik darama Correosek ordezko bat bilatzeko lanetan. Horretarako, Artziniegako beharren "analisi zehatz" bat garatu dute, baina "ohikoan baino denbora tarte handiagoa" baliatu behar izan dute horretarako, Artziniega landa-eremua delako eta horrelako egoeretan bestelako faktore batzuk ere hartzen dituztelako kontuan, ibilgailuen mugikortasuna edota etxebizitzen sakabanaketa kasu.

Correoseko arduradunak aitortu du "ohikoan baino denbora tarte handiagoa" baliatu behar izan dutela Artziniegako beharrizanen analisia egiteko

Nuria Leva Hervasek azaldu duenez, Artziniegako Udalaren lehen gutuna jaso zutenean, "zegokien unitateekin" jarri ziren harremanetan, eta hauek erantzun zieten lanean ari zirela udalerrian ematen zuten zerbitzua mantentzeko, "publikoarekiko arreta zein banaketari dagokionez". Ordutik hona, Correosek kasu honen jarraipena egin du. "Ni pertsonalki jarri nintzen harremanetan  zonaldeko arduradunekin udalerriko egoeraren berri izateko, ez soilik lehen idazkia iritsi zenean, baita beranduago ere; eta, bereziki, Artziniegako bizilagunek sinatutako mezuak helaraztean", kontatu du Levak gutunean. 

Eskerrak herritarrei

Gau goizean jaso du Udalak gutuna, eta osorik zabaldu du sare sozialen bidez. Tokiko erakundeak eskerrak eman dizkio Correosi emandako erantzun positiboagatik, "Artziniegak eskatzen zuen posta zerbitzua bermatzen baitu". CCOO sindikatuaren lana ere goraipatu du tokiko erakundeak, ekimena babestu eta horri lotutako gestioak egin dituelako. 

Baina Udalak herritarrei eman dizkie eskerrak batez ere, "kalean mobilizatzeagatik, Posta Zuzendaritzari bidalitako gutunengatik eta gure zerbitzu publikoen kalitatea eta duintasuna borrokatu egin behar direla erakusteagatik". 

Hala ere, tokiko erakundeak ohartarazi du "erronkak" daudela oraindik eta, ondorioz, "borrokan jarraitu" behar dutela. Izan ere, postariaren aferaz gain, beste bi gaik piztu dituzte protestak Artziniegan azken hilabeteetan: Kutxabanken bulegoaren itxierak eta eskolako zuzendaritzaren lanordu kopuruak. Zenbait elkarretaratze egin dituzte hiru auziak modu bateratuan lantzeko, "Artziniega bizirik!" lemapean:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide