Mobilizazioa egin du gaur eguerdian Artziniegako Talde Feministak, herrian gertatutako sexu-erasoak "erabateko irmotasunez" gaitzezteko. Izan ere, duela egun batzuk jakinarazi zen gizonezko bat zigortu dutela herrian sexu erasoa egiteagatik.
Mobilizazioaren deitzaileek positiboki baloratu dute sententzia hori, "urrats" bat dela uste baitute "indarkeria matxistaren zigorgabetasunaren aurrean". Hala ere, nabarmendu dute epai batek ezin izango duela erasoa jasandako emakumeari "eragindako mina osorik konpondu". Gauzak hala, premiazkotzat jo dute "emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak salatzen, ikustarazten eta borrokatzen jarraitzea".
Herriko feministez gain, beste hainbat eragilek sinatu dute mobilizazioaren ostean plazaratutako komunitatua: Udalak, Amurrioko Emakumeon* Sareak, Laudioko Mugimendu Feministak, Aiaraldeko Gazte Feministak eta Aiaraldeko Mugimendu Feministak. "Babes, errespetu eta elkartasun osoa" helarazi diote erasoa jasandako emakumeari "baita haren senideei eta inguruko pertsonei ere", eta "erdigunean" jarri dituzte bere "duintasuna, prozesua eta indarkeriarik gabe bizitzeko duen eskubidea".
Era berean, argi utzi nahi izan dute "erasotzaile sexualek eta haien konplizeek ez dutela tokirik herrian", eta Urduñako Otxomaioetan gertatutako sexu erasoak ere salatu dituzte.
Gogorarazi dute indarkeria matxistaren aurkako hainbat arreta zerbitzu daudela:
- Arreta. Gizarte langilea. 8:00-15:00, astelehenetik ostiralera: 681 08 41 18
- Informazioa. Berdintasun teknikaria. 8:00-15:00, astelehenetik ostiralera: 686 587 889
- Sexu indarkeria biktimentzako 24 orduko krisi zentroa (TXIMELETAK): 650 801 080
- Gizarte Larrialdietarako Zerbitzua: 945 16 12 10
Argazkiak: Maddi Isasi Azkarraga