Atsedenen ondorioez

Auzokoekin harreman ona dugunez, etxeko giltza uzten diegu oporretan goazenean. Horrela, beren udako bisitek gurean ostatu har dezakete. Oporretatik bueltan, hozkailuan gutxieneko jakiak eta, sukaldeko mahai gainean, kanpoan izan garen bitartean etxera heldu zaizkigun astekariak aurkitzen ditugu txukun-txukun pilaturik. Paper-sorta mardul hori gainbegiratu behar izaten dut eguneroko martxa hartu baino lehen. Erritu bihurtutako ohitura zentzugabe bat da. Ez naiz gai etxera heldu eta hurrengo egunean, etenaldirik izan ez balitz bezala, bizitzarekin jarraitzeko. Beste lekuan (jaioterrian) izan naizen bitartean galdu dudan Berlingo denbora berreskuratzeko modua dira astekarien paperetan inprimaturik dauden hitzak. Niretzat existitu ez den denbora-espazio baterako giltzatxoak dira.

Gutxienekoa da eguneroko gaien haria jarraitu nahi izatea; beste guztia izaten da gehien interesatzen zaidana. Esaterako, zutabe batean irakurri dut atseden hartzea komeni zaiola nobela bat idazten dagoenari eta, tarte horretan, berak idatzitakoa ez den zerbait irakurri beharko lukeela. Horixe da, hain zuzen ere, udan egin dudana. Zutabegileak dio kontuz ibili behar duela nobela idazten dagoenak, irakurtzeko aukeratzen duen autoreak bere lanean eragina izango duelako atsedenaren ondoren. Arrazoi du, noski, idazten ari den horri begiratzeko toki berri bat finkatuko baitu agian irakurketak. Akaso, dena zalantzan jarraraziko dio. Beste behin ere!

Zutabegileak Karl Ove Knausgard hartu zuen esku artean bere atsedenaldirako; nik beste norvegiarrarekin hasi nuen uda, Tomas Espedalekin. Fikziora jo gabe idazten dute biek, baina biak irakurri dituztenek aho batez diotenez, zein baino zein ezberdinago kontatzen dute kontatzekoa. Espedalen idazteko moduarekin maiteminduz hasi nuen uda. Poetikoa du prosa, askea, gardena. Gutxitan suertatzen da norbaiten idazkerarekin maitemintzea, eta merezi du sentimendu horrekin gozatzea. Zeharo esperientzia atsegingarria da, intimoa, sakona. Maitemindu gaituen pertsona batekin gertatzen den bezala, adikzioaren antza duen gehiago nahi izate bat, gehiago behar izate bat eragiten du. Beraz, Espedal bat irakurri eta gero, atoan beste bat erosteko premiari erantzun behar izan nion. Zinemara joateko geratuta nengoen eta, eskerrak, harako bidean, hirugarren liburu dendan aurkitu nuen: tapa bigundun ale merkea.

Idazketatik hartu dudan atsedena luze xamarra izanik, irakurketa gehiagorako astia izan dut. Paul Austerren azkena sartu nuen maletan, irakurgailu elektronikoan. Archie Fergusonen biografiaren lau bertsio kontatzen ditu Austerrek. Bizitza bat harantz edo honantz birarazten duten inflexio-puntuen taula gainean jokatzen du. Gertaera batzuk dramatikoak dira; batez ere heriotzak, dela gerragatik, dela istripuren batengatik. Erabaki, lorpen, porrot gehienak, hain dira xumeak, ezen oharkabean baitoazen. Mota bateko eta bestekoen bizipenen artean dagoen muga ez da beti argia. Denak dira fikziorako abiapuntu, material.

Egunerokoari berriz heldu ahal izateko nire trikimailuekin ari naizela, bururatzen zait, Espedalek, dena hankaz gora jarri behar gabe, nire nobelaren idazketan eragina izango ote duen. Ez legoke gaizki. Eta hala balitz, norena litzateke lorpena, berea ala nirea? Literaturaren labirintoan Knausgarden atea ireki izan banu Espedalena ireki ordez? Atseden hartzean ere, burua ez baitago itzalita, baina lana ez den aktibitateetan galdu behar du lantzean behin.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide