Karrikaren taupadak

Uda bukaera. Atera berri da Robin Campilloren 120 battements par minute (120 taupada minutuka) filma Frantziako Estatuko zine-gela guzietan. Iragan mende bukaeran hiesaren (Hartutako Immuno Eskasiaren Sindromea) kontra borrokatzen zen Act Up-Paris elkartearen erretratu hunkigarria, sarkorra eta sumingarria proposatzen du mugimenduko militante izandako zinegileak. Filmak biltzen duen arrakasta izugarriaren aitzinean, boz batzuk altxatzen hasi dira oroitarazteko, gaur egun Act Up-Paris mugimendua laudorioz estaltzen duten berdinek zituztela 90eko hamarkadan haren militanteak gogorki kritikatzen, hiesarekin batera, homosexualak, drogazaleak, prostitutak, presoak… defendatzen zituztelako. Hots, boteredunek gorde eta laborategiak ustiatu nahi zituzten ber-berak. Karrika zen Act Up-Paris-en oholtza. Ekintza sinbolikoen bidez, ikusezina ikusgarri bilakatzen zuten.

Errealitatea karrikan da, ez administrazioen txostenetan edo (ni bezalako) funtzionarioen Excel tauletan. Karrika versus burokrazia dikotomia inoiz baino gaurkotuagoa da

Uda erdialdea. Astekari honetan berean, Joseba Alvarezek idazten zuen turismoaren kontrako mobilizazioen harira, karrikan dabiltzanoi gauzak “gaizki” egin dituztela leporatu dietela beren bulegoetatik gauzak “ongi” egiten dituzten horiek. Errealitatea karrikan da, ez administrazioen txostenetan edo (ni bezalako) funtzionarioen Excel tauletan. Karrika versus burokrazia dikotomia inoiz baino gaurkotuagoa da. Karrikan gauzak hain gaizki egin izan balira, haien politikak justifikatzera ez ziren aterako hainbeste kargudun. Max Brisson berak, Pirinio Atlantikoak departamenduko turismo komiteko lehendakariak, prentsa aitzinean bere burua defendatu nahi izan du karriketan ikusitako hamar bat kolaki xumeen ondorioz. Karrikako lanak eztabaida mahai gainean emateko bertutea izan du guttienez. Eta agenda politiko-mediatikoan izatetik aldaketa eragitera, borrokaren intentsitate afera bat baizik ez da.

Uda hasiera. Hizkuntzen karrika erabileraren datuak aurkeztu dira. Ipar Euskal Herriari dagokionez, sekulan neurtu den indize apalena jaso da. Karrikaren okupazioa aldatu da (gentrifikazioa, espazio publikoaren pribatizazioa) eta egoera soziolinguistikoa okertu (belaunaldi sakrifikatua adin piramidearen erdialdean dugu, familia transmisioa ia-ia eten da, eskolako euskarak ez du etxeko euskarak bezalako espontaneitatea). Baina horrek ez du kentzen egoera kezkagarria dela. Euskararen erabileraren ingurukoa izanen da ondoko bataila. Eta hau ere neurri handi batean karrikatik eraman beharko da.

Uda bukatu da. Sartzea da, baina karrikara ateratzeko arrazoiak ez dira eskas: etorkinen defentsan, lan erreformaren kontra, euskararen alde edo euskal presoen gaia Parisera ekartzeko. Karrikaren taupadak entzunen dira, egituratzen ari den Herri Elkargotik Parisko Beauvau plazako ministerioetaraino. Nork zioen ez zuela karrikak gobernatzen?

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide