Lur eta Ekai

Artikuluaren lerro-burua hauxe: Euskaltzaindiak zakila arazo linguistiko bilakatu zuenekoa. Axier Lopez kazetariak ARGIAn publikatutakoa. Horrela hasten zen: “Orain bi hilabete jaio zen Lur. Artean izen ofizialik ez bazuen ere, Lur izan da burua mundu honetara atera aurretik eta ondoren. Haurdunaldian ez genuen bere hanka-tartearen berri eduki nahi izan. Genitalen forma bigarren mailako kontua iruditzeaz gain, gure burua eta ingurua ez genituen aurrez baldintzatu nahi genero jakin bati dagokion klixeekin”. Alegia, zakilarekin jaiotako haurrari erregistro zibilean Lur jartzeko bizitako via crucisa kontatu zuen.

Espainiako Erregistro Zibilaren legeari men eginez, Euskaltzaindiak 2001etik aurrera sexuaren araberako bereizketa finkatu du izenetan, eta izendegi hori kontsultatu egiten dute herrietako erregistro zibileko langileek gurasoek erabakitako izena arraroa iruditzen bazaie. Izendegian Iraitz mutil izena dela jartzen badu, gurasoei kostatuko zaie izen hori aluarekin jaiotako haurrari jartzea.

Euskaltzaindiak eztabaida politikoetan parte hartzen ez duela, legea bete baino egiten ez duela, arazo handia ez dela eta jende oso gutxi kexatu dela erantzun du orain arte. Badirudi egun kexatu den jendea ez dela hain gutxi, pasa den urtarrilean Euskaltzaindiak Justizia Ministerioari euskal izendegiarekin malguago joka dezala eskatuko dio eta, euskararen ezaugarri propioak kontuan izan ditzan.

Ekairen heriotzaren berri izan genuen duela bi aste.
16 urterekin bere buruaz beste egin zuen Ondarroako mutil transexuala. Chrysallis Elkartearen esanetan, nerabe batentzat gehiegizko batailak borrokatu behar izan zituen Ekaik egunerokoan: Erregistroan izen-aldaketa lortzeko borroka...

Ekairen heriotzaren berri izan genuen duela bi aste. 16 urterekin bere buruaz beste egin zuen Ondarroako mutil transexuala. Chrysallis Elkartearen esanetan, nerabe batentzat gehiegizko batailak borrokatu behar izan zituen Ekaik egunerokoan: Erregistroan izen-aldaketa lortzeko borroka, Gurutzetako “genero unitatean” inoiz heldu ez zen behar zuen hormona-tratamendua jasotzeko borroka, institutuan bere errealitatea ulertu eta ondorioz errespetatzeko egin ez zen formakuntza-saioa ematea lortzeko borroka…

Aurreko astean hain zuzen ere, Chrysallis Elkarteak Legebiltzarrean transexualen legea egokitzea eskatu zuen, patologizatzearekin bukatzeko. Hormonak lortzeko prozesua motela da, besteak beste nerabeek zein helduek genero disforia diagnosia jaso behar dutelako lehenago. Hezkuntza sisteman transexualitateari arreta egokia emateko protokoloak garatzea ere eskatu dute. Ekairen bizitza goibeldu zuten borroketariko bi. Hirugarrena, izena aldatzeko trabak.

Hori dela eta, izendegiaren kontuaz akordatu naiz. Kontua ez da soilik euskararen ezaugarri propioak dituela onartzea (Lur edo Hodei bezalako izenen tradizio mistoa), baizik eta Espainiako Erregistro Zibilaren legea bera transfobikoa dela ulertzea. Legeak debekatzen dituen izenen artean, “los que hagan confusa la identificación y los que induzcan en su conjunto a error en cuanto al sexo” aipatzen ditu. Gizarte binarista honek pertsonen sexua identifikatzeko zailtasuna mehatxu bezala ikusten du. Sexu anbiguotasunak arriskutsua dirudi, bake sozialerako atentatu bat.

“Dualismoaren tirania birpentsatu beharko genuke. Nik aniztasunaren pedagogiaz hitz egin izan dut”, esan du Dau García Dauder ikerlariak ARGIAn publikatutako elkarrizketa eder batean. Ekairen omenez antolatutako elkarretaratzeen leloa; “Ez da suizidioa izan, erailketa baizik” izan da, transfobia izan baita Ekairi bizitzeko grina kendu diona.

Axier Lopezen azalpenak dualismoaren tirania auzian jartzeko nahia adierazten zuen, baina transfobia instituzionalaren horma gogorrarekin topo egin zuen. Ekai erail zuen horma bera.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide