Denbora agortzen ari zaio Gorka Urtaran Gasteizko alkateari. Hilaren 22an bozkatuko du Gasteizko udalbatzak datorren urteko aurrekontu proiektua, eta, ordurako EAJk eta PSEk PPren edo EH Bilduren babesa lortzen ez badute, luzatu egin beharko ditu aurtengo aurrekontuak. Atzo, lehen galbahea pasatu zuen aurrekontu proiektuak, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Irabazik aurkeztutako osoko zuzenketa bateratua atzera bota baitzuten EAJk, PSEk eta PPk. Haatik, popularrek ohartarazi zuten ez dituztela Urtaranen aurrekontuak babestuko.
Oposizio guztia du aurka Urtaranen gobernuak. Talde bakar batek ere ez du begi onez ikusten 2018rako aurkeztutako aurrekontu proiektua. Hitzemandako akordioak ez betetzea, ekimenik ez izatea eta hiria «geldiune» batera eramatea leporatu diete EAJri eta PSEri. Atzo, osoko zuzenketen eztabaidan, «akordiorako borondaterik ez izatea» egotzi zioten, atzera, Urtarani. Udal gobernuak, berriz, «arduragabekeriaz» jokatzea leporatu zion oposizioari. Akordiorik ezean, bi aukera ditu Urtaranek: aurtengo aurrekontuak luzatzea, ala, konfiantza mozioaren bitartez, 2018koak aurrera ateratzea.
Arabako Foru Aldundian, berriz, akordioa lortu zuten ostegunean EAJk, PSEk eta PPk, eta atzo Ahal Dugu-k iragarri zuen osoko zuzenketa aurkeztuko diola proiektuari. Arabatik «kanpo» landutako akordioa izan dela salatu zuen Arantxa Abezia eledunak. EH Bilduk ere osoko zuzenketa aurkeztuko du. PPk, berriz, aurrekontuari «180 graduko bira» emateko 71 zatikako zuzenketa erregistratu zituen atzo. Abenduaren 27an bozkatuko dute aurrekontua.
Gipuzkoan, aurrera
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko aurrekontuen tramitazioak aurrera jarraitzen du. Atzo, EH Bilduren eta Ahal Dugu-ren osoko zuzenketak atzera bota zituzten. Bi taldeok salatu zuten aurrekontuek izaera «neoliberala» dutela eta ez dutela balio gipuzkoarren beharrei erantzuna emateko.
Nafarroako Parlamentuan, berriz, hasi dira aurrekontu proiektuari jarritako zatikako zuzenketak eztabaidatzen. Guztira, 4.157 milioi euroko aurrekontua du foru gobernuak, eta talde guztiek aurkeztu dituzte zatikako zuzenketak. UPNk, esaterako, 200 inguru aurkeztu dizkio «herritarren beharrei hobeto erantzuteko», Javier Esparza eledunaren arabera. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak ere aurkeztu dizkiote zuzenketak proiektuari, hainbat alorretako politikak hobetze aldera. Hilaren 21ean bozkatuko dituzte 2018ko aurrekontuak.
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide