Laster etorriko dira errefuxiatuak udalak atondutako pisuetara. Hala jakinarazi du Isabel Boveda ongizate arloko zinegotziak.
Bovedak azaldu du duela bi urte prestatu zituztela pisuak errefuxiatuak hartzeko eta Euskadiko Udalen Elkartearen esku utzi zituztela. “Esperientzia pilotu baterako hautatu gaituzte orain, beste zortzi udalerrirekin batera, zeinen bidez hainbat errefuxiatu joango diren pisu horietara bizitzera”.
Udaletik aurreratu dute 10 errefuxiatu etorriko direla guztira eta uztaila eta iraila bitartean egongo direla. Gurutze Gorria arduratuko da egitasmoa kudeatzeaz.
Bovedak adierazi du “albiste ona” dela esperientzia pilotua abian jarri izana, baina gaineratu du “bi urte” eman dituztela itxoiten.