“Guztiok begira geundela egin zuen eztanda bonbak, ni izan nintzen biziraun zuen bakarra”

Txabi Alvarado Bañares 2017ko uzt. 18a, 07:00
Udal hiltegia dagoen tokian bizi zen Estanis Martin Carion, Aretan. / aiaraldea.eus

Guda Zibilak sakonki markatu du ESTANIS MARTIN CARRIONen (Areta, 1928) bizitza. Zotzi urte zituen eskuko lehergailu batek eztanda egin zuenean bere etxean. Bera izan zen leherketatik bizirik ateratzea lortu zuen bakarra. Aretako Jaietako pregoian omenaldia egingo diote berari eta Guda Zibileko bonben eta bonbardaketen lekuko zuzenak izan ziren beste hainbat bizilaguni.

Zuk askotan esaten duzu “gerraren seme bat” zarela. Zergatik?
Zortzi urte nituen. Bi anaia nagusi nituen, lubakietan borrokan ari zirenak. Bost neba arreba geunden etxean amarekin: Encarna -14 urte-, Lucio -12 urte-, Josefina -5 urte- , eta ni -8-. Nire aita kanpoan zegoen baita.

Egun batean Lucio auzoko lagun batekin joan zen pinudi batera. Bertan topatu zuten “gorriek” utzitako munizioa, eskuko bonbak tartean. Horietako bat hartu zuen nebak, eta etxeko ganbaran gorde zuen. Etxeko eskaileretara eraman zuen gero, eta bertan hasi zen lehergailua manipulatzen. Nazionalak Aretan sartuak zeuden ordurako, ibai ertzean zeuden. Nire arreba Encarnak gu baino buru apur bat gehiago zeukan, eta soldadu horiek abisatu nahi zituen, baina Luciok ez zion utzi.


“Nire anaia Gasteizen zendu zen, tripak eskuan zituela eraman zuten. Josefina eztanda gertatu eta jarraian hil zen”



Ondo oroitzen dut. Encarna galtzerdi batzuk ehuntzen zegoen arreba txikiarentzako. Lucio bonba manipulatzen zegoen. Pedrito -auzoko lagun bat-  etxean zegoen baita. Ukitzearen ondorioz egin zuen eztanda bonbak, guztiak begira geundela. Bi metro karratu inguruko espazio batean geunden.

Nire anaia Gasteizen zendu zen, tripak eskuan zituela eraman zuten. Josefina eztanda gertatu eta jarraian hil zen. Pedrito, Encarna eta ni hiriburura eraman gintuzten baita.

Zu izan zinen biziraun zuen bakarra. Nolakoa izan zen bidaia eta ospitaleko egonaldia?
Aretako zubia eraitsia zegoen eta bide zaharretik eraman gintuzten hiriburura, autoz. Moja komentu batera eraman gintuzten, gerra dela eta ospitale bihurtu zutena. Bertan egon nintzen bi hilabetez, zauriak artatzen. Nire amak ezin izan ninduen bisitatu, bakarrik egon behar izan zuen etxean.


“Metraila dut oraindik gorputzean sartuta”

Nolakoa izan zen itzulera bidaia?
Garai hartan Laudioko alkatea zenak ekarri ninduen ospitaletik: Jose Mari Urquijo -Carlos Urquijoren aitonak-. Zine zaharra zegoen tokian utzi ninduen, bera bertan bizi baitzen. Zilarrezko bi pezeta eman zizkidan, eta etxerako bidea hartu nuen. Ama bidean zegoen, auzokide batekin hitz egiten. Besoetan hartu eta etxera igo ninduen.

Zer ondorio eragin zizkizun istripu hark?
Hurrengo urteetan oso gaizki pasatu nuen. Hegazkin bat agertzen zen bakoitzean iztukatu egiten nintzen, edo korrika hasten nintzen.



“Nire aitak 2 urte igaro zituen preso errepublikaren garaian zinegotzi izateagatik”



Metralla duzu oraindik gorputzean.
Bai, gorputzean sartuta dut oraindik (buruan dituen puntu ilun batzuk erakusten ditu).

Zure aita etxera itzuli zenean kartzelan sartu zuten gainera, errepublikaren garaian Laudioko zinegotzi izan zelako.
Hala da, bai. 24 hilabete igaro zituen preso, Gasteizeko seminarioan. Nori egin zion min? Inori!

Nazionalak iritsi zirenean etxetik ez irtetea gomendatu zitzaion jendeari, ihes egitea baino egokiagoa zelako. Kartzelatik irtetean ez in izan zuen bere lana berreskuratu. Aretako harrobian egon zen egun batzuk, eta Villosan sartu zen gero. Bertan egon zen jubilatu arte.

Nire aitak bonbilla bat jarri zuen bide zaharrean zinegotzia zenean, gune hori oso iluna baitzen gauez. Baina nazionalak iritsi zirenean kendu egin zuten argia, zinegotzi errepublikano batek jarria zelako.

 

“Bonba ugari bota zituzten, eta hainbat etxe suntsitu zituzten”

Oroitzen dituzu gerra garaiko bonbardaketak?
Bai. Etxetik hurbil zegoen ezkutaleku batean sartzen ginen, trenbidearen azpian. Josefinak negar egiten zuen, eta nik negarrik ez egiteko esaten nion, hegazkinek sumatu ahal gintuztelako. Bonba ugari bota zituzten, eta hainbat etxe suntsitu zituzten. Beldur asko nien bonbardaketei.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide