Bigarren postua lortu zuen Ibone Sanchezek Berlangako -Extremadura- duatloian, larunbatean. Sara Löehrren atzetik heldu zen helmugara korrikalari laudioarra. “Uste baino hobeto joan zen lasterketa”, adierazi du kirolariak.
Azkenengo bi asteak gripeak jota pasa izan ditu Sanchezek: “aurreko astean ezin izan nuen Amurrioko krosean parte hartu, oso ahul nengoen. Duatloian sentsazioak korrikan nahiko onak izan ziren. Bizikletan pixkat gehiago kostatu zitzaidan, baina orokorrean, gustura bukatu nuen”.
Hurrengo geltokia, Europako Kopa
Martxoaren 10 eta 11ko asteburura begira dago Sanchez, Boirora -Galizia- bertaratuko baita Espainiako Taldekako Duatloi Txapelketan parte hartzera. Martxoaren 18an, aldiz, Europako Kopan parte hartuko du, Kanariar Uharteetan.
Modu horretan, iazko markei eusteko bidean dago laudioarra. Urte oparoa izan zen 2017a Sanchezentzat, garaipen ugari erdietsi baitzuen.