Kirolaz gozatzeko 365 egun utzi ditu urteak. Aiaraldeko kirolariek gogoz zukutu dituzte egun guzti horiek. Aisialdian, lehian, lagun artean, taldeka, banaka... era askotara hamaika kirol desberdin praktikatu dira.
Izen propio ugari ere utzi dizkigu 2017ak: Olaia Gurrutxaga, Luisa Ibarrola, Naia Vallejo, Spiderabel, Ibone Sanchez, Zuriñe Frutos... Nabarmentzekoa da eskualdeko emakume kirolariek mahai gainean emandako kolpea. Hitzez eta ekintzez aldarrikatu dute euren presentzia, ozen aldarrikatu ere.
Emakumeak puntan
Kross lasterketa denboraldiarekin etorri zen urte berria. Urtarrileko eguraldi euritsuari egin zioten aurre lasterkariek. Ibone Sanchezek Euskadiko txapelketan 2. postua lortu zuen, eta Laudioko Atletismo Taldeko neskek Espainiako Txapelketan lehiatzeko plaza eskuratu zuten.
Olaia Gurrutxaga, berriz, atletismo egokituko Espainiako Txapelketan podiumean bigarren izan zen. Hiru urte daramatza urduñarrak atletismo egokitua praktikatzen Arrigorriagako klub batean.
Otsailean Ganbegi 6-2 Hockey Taldea areto hockeyeko Espainiako Txapelketan neurtzeko atarian geratu zen.
Naia Vallejok 1. Mailara igotzeko play-off-ak jokatu zituen San Inazio futbol taldearekin maiatzean. Elitezko kategorian aritu zen kirolari laudioarra, emakumezko futbolak merezitako aitortza jasotzeko jorratu beharreko bide luzeaz jakitun.
Gizonezkoei dagokienean, elitezko futbolarekin ere harremana izan du Aimar Velasco laudioarrak, epaile lanetan hasi baita bertan 4. epaile gisa.
Mendizaletasuna izar
Demostratuta geratu da eskualdeko mendi zaletasuna. Oinez zein korrika gurutzatu dira Aiaraldeko mendiak, bai eta atzerrikoak ere, Mendiko Lagunak Taldea Albaniaraino bidaiatu zuen bertako gailurrak ezagutzeko eta. Arrankudiagan Matxinkorta Mendi Taldea osatu zuten eta egutegi konpleto bati jarraituz bete dute urtea mendi-irteerez.
Mendi lasterketa andana antolatu dira: Mugagabe Trail Laudion, Amurrioko Traila... Maila guztientzako haina.
Froga berriak ere izan dira, Urduñako Mendi Maratoia da horien artean nabarmentzeko bat. Lehenengoa ez ezik eskualdean antolatzen zen estreineko maratoiak aurreikuspen guztiak gainditu zituen.
Maratoietan jantzia da Abel Fernandez, Spiderabel goitizenaz ezagunagoa. Amurrioarrak 60 maratoietan parte hartu du soinean Spidermanen mozorroa jantzita. Berea, ordea, ez da lehia hutsa. Elkartasuna eta kirola uztartuz aniztasun-funtzionala duen jendea laguntzen ditu kirol jarduerak burutzeko.
Lokatzetan gustora
Udazkenarekin batera Ziklokross zirkuituetan murgiltzeko garaia heldu zen, izugarrizko garapena bizi izan du kirol honek aurten. Horren froga da Laudioko Naizoarteko Ziklokrossean, aurreikuspen guztiak gaindituz, 600 txirrindularik parte-hartu izana.
Bide horretan Koba Cycling CX Taldea jaio zen azaroan, eskualdeko ziklokros maila altuari balio erantsi bat gehituz.
Koba Cycling CX Team jaio da, “Munduko Txapelketan lehiatzeko prest” from aiaraldea komunikazio leihoa on Vimeo.
Eta ziklokrosak izen propiorik badu hori Luisa Ibarrolarena da. Denboraldi aparta egin du, garaipen zerrenda luzeari Espainiako Kopako bigarren postua gehituz.
Adrenalinan pausu bat gora
Arrisku-kirolentzako plaza ere bada Aiaraldea. Nerbioiko ur-jauzitik egindako saltoek irudi ikusgarriak utzi zituzten.
2017.urtea agurtzeko, ordea, ekitaldi ugari falta dira oraindik. Abenduaren 31n, esaterako, mendi talde gehienek jarri dute hitzordua euren herrietako tontorrean. Bestalde, Orozkon San Silvestre duatloia egongo da.