Buru osasunaren garrantzia sozializatu eta jendartea sentsibilizatzeko baliatuko du hilabetea ASASAM elkarteak

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko urr. 4a, 07:00
Buru gaixotasunak dituzten pertsonen eskubideak aldarrikatzeko ere baliatuko dituzte ekintzak. / Aiaraldea.eus

Urriaren 10ean ospatuko da Buru-osasunaren Nazioarteko Eguna. ASASAM elkarteak ekintza ugari prestatu ditu hilabetean gaia mahai-gainean jarri eta jendartea kontzientziatzeko helburuarekin.

“Hezkuntza inklusiboa, osasun mental positiboa”; lelo horrekin helduko dio ASASAM elkarteak Buru-osasunaren Nazioarteko Egunari. Jendarteari “urte osoan egindako lana erakutsi eta buru-gaixotasunak dituzten pertsonen eskubideak aldarrikatzeko” baliatuko dute eguna.

Hezkuntza komunitatea interpelatu nahi dute aurten, “balioen aldeko apustua egingo duen eta inklusioa eta aniztasuna landuko duen hezkuntza aldarrikatuz”.

Jendarteari “gaiaren gaineko informazio egokia” eskaini nahi diote. Izan ere, buru osasunaren gaiak interesa piztu arren, ez da batere ezaguna.

Hilabete bete ekintza
Urriaren 2an, asteartea, ekin zioten buru-osasunaren nazioarteko egunaren barruan prestatutako egitarauari. Futbol partida antolatu zuten Laudioko La Granja kiroldegian ASASAM elkarteko kideen eta La Milagrosa ikastetxeko ikasleen artean.

Larunbatean, urriaren 6an, helduko diote berriz egitarauari, Laudioko Aldai Plazan. 11:00etan, agintariei harrera egin ostean, eguneko manifestua irakurriko dute. Jarraian, ekintzez beteko dute Aldai plazako karpa.

ASASAMeko erabiltzaileek egindako artelanen erakusketa eta salmenta puntua egongo da eta “Laudion Fenix” irratsaioa zuzenean grabatuko dute, besteak beste. Horrez gain, musika eta janak girotuko dute gunea goiz osoan zehar.

11:30ean futbol partida antolatuko dute. Bertan ASASAMeko kideak BIZITEGI elkarteko kideen aurka lehiatuko dira. Goi mailako arbitroa izango dute partidan. Izan ere, La Milagrosa ikastetxearekin jokatutako partidan bezala, Txato Nuñez Athleticeko jokalari ohiak egingo ditu epaile lanak.

Egunari amaiera emateko, poesia emanaldia eskainiko dute 17:30ean Laudioko Lamuza Parkeko Kasinoan. Bertan arituko dira Rafa Arana, Julian Abiaga, Esti Camino, Aratxu San José, Amaia Santos, Suso Suarez eta Juan Cruz Cangas, Begoña Guerreroren zuzendaritzapean.

Egitaraua borobiltzeko, buru-osasuna eta sexualitatea izango dituzte hizpide urriaren 25ean Laudioko Kultura Etxeko Arraño Gelan antolatuko duten hitzaldian. Inma Ruiz de Lezana sexologoa izango da hizlaria. Sexualitatearen arretarako ASASAM programako koordinatzailea da Ruiz de Lezana eta “gaiaren inguruko sentsibilizazio ariketa bat egitea” izango da solasaldiaren helburua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide