Laudioko Tokiko Garapen Agentziak 2018an burututako jardunaren memoria aurkeztu dute. Egitasmo asko egin zituen udalaren menpeko erakundeak iaz. Alde batetik, laguntza eta aholkularitza eskaini zien enpresak sortu nahi zituzten herritarrei. “56 pertsonek jo zuten agentziara horretarako iaz”, adierazi du Iñigo Martinez Cerrillok, “10 enpresa-plan garatu ziren, zortzi proiektu tutorizatu eratu ziren eta bost enpresa martxan jarri ziren: musika eskola bat, parafarmazia bat, albaitaritzarekin erlazionatutako denda bat, entsegu lokal bat eta isolamendurako produktuen enpresa bat”.
Enplegua 20 pertsonari
Enplegua sustatzean datza agentziaren beste “hanka” bat, zinegotziaren esanetan. “Iaz 20 pertsonek parte hartu zuten garatu genituen enplegu-programetan”. Udalak 250.000 euro inguru inbertitu zituen programa horietan, diru-laguntza ugari ere jaso zituen arren.
“Aurten pausu bat gehiago eman dugu. Orain arte igeltserotza eta lorezaintza sektoreetan zentratu gara. 2019an sektore tekniko edo administratiboagoetara jo dugu”. Herritarren Arretarako Zerbitzuan lan egiten dauden gazteak edota Garapen Agentzian kontratatutako teknikaria jarri ditu Martinezek horren adibide gisa. “Uste dugu formazio eta enplegu programak ildo horiek ere jorratu behar dituztela”.
Formazioa
Horrez gain, garapen agentziaren arduradunak nabarmendu du iaz 130-140 pertsona inguruk parte hartu zutela antolatutako 30 formazio jardueretan. “Gure inguruko enpresek eskatzen dituzten eskumenei lotutako saioak izan dira, parte hartzaileen curriculumak hobetzeari begira”.
Horrez gain, 20.000 eurora igo zuten tokiko ekintzaileei ematen zaien diru-laguntzaren zenbatekoa. “Duela pare bat urte abiatu genuen egitasmoa, proiektu bat Laudion abiatzen zuten herriko ekintzaileei laguntzeko, lehen bi urteak baitira zailenak negozioa martxan jartzerako orduan”.
Laudio Group taldearen sorrera, enplegu anezkak, txertatu merkatuan egitasmoa, herriko lokalak berritzeko ekimena eta beste hainbat egitasmo ere aipatu ditu Martinezek.
Banda zabala, 16 hilabetetan
Laudioko industriagunean ere hainbat lan egingo dituztela iragarri du Martinezek. Eraginkortasun energetikoa handitu eta sarbideetako seinaleak aldatu nahi dituzte, besteak beste. Diru-laguntza ugari jaso dituzte lan horiek egiteko, “baina udalak ere inbertsio garrantzitsuak egingo ditu”.
Horrez gain, poligono industrialetan banda zabala jartzeko asmoa ere dute. 16 hilabeteren buruan jarriko dute, Martinezek aurreratu duenez.