Txema Urkijo izango da Más Paisen Bizkaiko zerrendaburua datorren azaroaren 10eko Espainiako Hauteskundeetan. Hala iragarri du Iñigo Errejon buru duen alderdiak. Inor ez zekien nork beteko zuen postu hori. Azken egunetan aditzera eman da Guillermo Errejon (Iñigo Errejonen anaia) izan zitekeela hautagaia, urteak baitaramatza Bilbon bizitzen. Baina azkenean laudioarra izango da zerrendaburua.
Hautagai gisa ez, baina politikaren alorrean ibilbide oparoa egin du Urkijok. Kontzientzia objektorea izan zen zerbitzu militarra derrigorrezkoa zen garaian. Gesto por la paz erakundean ere aritu zen.
Azken urteetan hainbat kargu izan ditu. 2002. urtean Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen arduradun izendatu zuten. Hiru urte egon zen lan hori egiten, baina gero aholkulari gisa jarraitu zuen eta “Nanclares bidea” deritzona egikaritzen lagundu zuen, besteak beste.
Terrorismoaren Biktimen Arretarako Zuzendaritzaren Koordinatzailea ere izan da. 2014. urtean utzi zuen kargu hori, hainbat tira-bira medio.
Madrilera jo zuen gero eta Manuela Carmenaren gobernuaren agindupean egon zen hiriko Memoria Historikoaren Batzordea koordinatzen.
Aiaraldea hedabidearen kolaboratzailea ere bada Urkijo, hainbat iritzi zutabe plazaratu baititu atari honetan eta Aiaraldea Hemen hamabostekarian.