Jarraipen zabala izan du greba orokorrak Laudion, saltoki gehienak itxita baitaude

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urt. 30a, 12:54

Fabriketan hasi eta herrigunean amaitu da Laudioko piketea. Greba deialdiak oihartzun handia izan du udalerrian, saltoki gehienek (Eroski barne) jaitsi baitute pertsiana. 

Goizeko bostetan osatu da Laudio eta Orozkoko Greba Batzordearen piketea. Dozenaka herritar bildu dira Aiala Vidrio eta Guardian lantegien aurrean. Lan egitera sartu nahi zuten beharginen autoak blokeatu dituzte, baina azkenean guztiak sartu ahal izan dira, Ertzaintzaren laguntzarekin. Tentsio uneak egon dira grebarekin bat egin ez duten langileen, grebalarien eta ertzainen artean. Poliziak identifikazioak egitearekin mehatxatu ditu piketeko kideak, baina azkenean ez da ezer gertatu.

Maderas de Llodio lantegira joan dira jarraian grebalariak. Lantegian sartu dira eta grebaren aldeko aldarria zabaltzeari ekin diote, baina ez dute lanuztera inor batzerik lortu. Ertzaintza bertaratu da eta kanpora atera dira herritarrak.

Barrikadak Industrialdean
Laudioko Industrialdean barrena aritu da piketea gero. Lidl-eko sarrera denbora tarte batez blokeatzea lortu dute, baina Ertzaintza bertaratu da gero. Grebalariek zenbait barrikada egin dituzte poligonoan barrena, trafikoa oztopatzeko, baina poliziek handik gutxira garbitu dituzte bideak. Tubacexen amaitu dute fabriketako pikete maratoia.

Piketea IES Laudio BHIn
Gazte Greba Komiteak, bere aldetik, piketea egin du IES Laudio BHIn. Ikastetxearen sarreran jarri dira, ikasle eta irakasleen artean grebaren eskuorriak banatzeko.

Saltoki gehienak, itxita
Egunsentiarekin batera iritsi dira grebalariak Laudioko herrigunera. Kalejira egin dute komertzioetatik, baina ez dute aparteko lanik izan, saltoki gehienek ez baitute pertsiana igo. Eroski handiak greba batekin bat egin duen lehen aldia izan da gaurkoa, 2012 eta 2013ko grebetan eta azken bi urteetako greba feministetan irekita egon baitzen.

Hala ere, Lamuza plazako Eroski Cityak eta DIA supermerkatuak ateak ireki dituzte, baina grebalariak bertaratu dira eta bi guneek pertsiana jaitsi dute. Gizarte segurantzaren bulegoetan ere sartu da piketea, eta irekita zeuden beste establezimendu batzuk ere bisitatu dituzte. 10:30ak aldera eman dute amaitutzat goizeko txanpa. Hamaiketakoa egin dute Herriko plazan eta hiriburuetako mobilizazioetara joan dira gero.

Arratsaldean emango zaio jarraipena Laudioko egitarauari. 16:30ean kalejira informatiboa abiatuko da Herriko plazatik, 18:00etan mobilizazio zentrala egingo da Lamuza plazatik eta jarraian “antipoteo” kalejirarekin emango zaio amaiera egunari.

Aiaraldea komunikabideak greba aktiboa egingo du; nola langileek hala Kooperatiba Elkarteak bat egin baitute deialdiarekin. Hortaz, gaur, greba orokorraren inguruko nondik norakoak soilik plazaratuko dira webgune eta sare sozialetan, Aiaraldea Ekintzen Faktoriako langile guztiak greban baitaude.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide