Bihar berriro lanera joan beharko dira Tubacexeko hainbat langile, zuzendaritzak fabrikak berriro irekitzea erabaki duelako. Enpresako buruek jakinarazi dute makina eta azpiegiturak abian jarri dituztela dagoeneko, eta bihar 14:00etan hasiko direla berriro martxan, ohikoan baino erritmo baxuagoan bada ere. Lanera joan beharko diren beharginekin harremanetan jartzen ari dira.
Enpresa Batzordeak gaur izan du albistearen berri. Zuzendaritzak bilera bat egingo du sindikatuekin bihar, 11:00etan, erabakiaren gaineko xehetasun gehiago emateko.
Espainiako Gobernuaren erabakia
Antza, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Industria Ministerioak eginiko “argipenengatik” erabaki du Tubacexek ekoizpena berriro abiatzea. Espainiako Gobernuak zenbait salbuespen sartu ditu funtsezkotzat hartzen ez diren jardueretan. Gauzak hala, zenbait enpresek aukera izango dute “ezinbesteko gutxieneko jarduera bat” mantentzeko, “asteburu edo jai-egun batean dagoen lan-erritmoa” erreferentzia gisa hartuta.
Horretarako aukera emango die gobernuak, besteak beste, ekoizpen gehiena esportatzen duten eta, ondorioz, itxialdiaren ondorioz merkatua galdu dezaketen enpresei.
Tubacexeko zuzendaritzak hainbat aldiz aldatu du bere jarrera azken egunetan. Igandean lanera joan behar zutela esan zien langileei, hori zehazten zuen Errege Dekretua oraindik argitaratu gabe zegoen arren. Behin dekretua argitaratuta, 00:30ak aldera, mezu bat bidali zien beharginei, azkenean lanera ez joateko esanez.