Uztailaren 9ra arteko enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztuko du bihar Guardian enpresak

Aitor Aspuru Saez 2020ko api. 9a, 18:01

Guardian enpresan guztiz etengo dute jarduera bi hilabetez. / Iban Pagalday

Produkzio arrazoietan oinarrituko du enpresak espedientea. Izan ere, Covid-19 birusak sortutako krisialdiak eskaririk gabe utzi du Guardian. ELA sindikatuak azaldu du dozenaka langile daudela koronabirusak kutsatuta edo susmopean.

ELA sindikatuak afiliatuen artean zabaldu du komunikatua jakinarazteko Guardian enpresak enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztuko duela bihar.

Zuzendaritzak azalduko du koronabirusaren pandemia dela eta eskaririk gabe geratu dela. Behin biltegiak bete dituztela auto zein float ataletan, ez dauka zentzurik konpainiarentzat lanean jarraitzea.

Horregatik, bihartik aurrera eta uztailaren 9ra arte ekoizpena etengo du enpresak. Espero dute apurka-apurka normaltasunera itzultzea ekainetik aurrera, baina momentuz inguruko zein naziorteko merkatuetan eskaririk gabe geratu dira.

Mantenuko langileak eta ekoizpen langile batzuk deitzeko aukera izango du enpresak beharren arabera, baina aurreikusten dute ekainera arte jarduerara ez dutela itzuli beharko. Gutxienez 24 ordu lehenago jakinaraziko zaie beharginei lan deialdia.

Horrez gain, langile batzordeak sinatutako akordioaren bidez, beharginek soldataren %80a jasoko dute, eta aparteko soldatak zein opor egunak mantenduko dituzte.

Dozenaka kutsatu enpresan
Langile batzordeko kide batek Aiaraldea Hedabideari aipatu dio 24 langile lotu dituztela zuzenean Covid-19 birusarekin, bai gaixorik daudela berretsi dutelako edo sintomak dituztelako. Gainera, beste 20 geratu behar izan dira euren etxeetan berrogeialdian.

Beharginak gaineratu du enpresak neurriak hartu zituela, baina kasuak agertzen ziren neurrian. Iturri berak gehitu du egun kutsatzeko aukera oso txikia dela, bakarrik 12 langile daudelako float labea mantentzeko. Hori bai, jende ugarik jarraitzen du telelanaren bitartez jarduten, etxetik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide