AZKEN ORDUKOA

Kokaina salerosketa egotzi diete atzo atxilotutako bi gazteei

Txabi Alvarado Bañares 2020ko uzt. 24a, 16:21
Patruila ugari bertaratu ziren atzo Lamuza kalera. / Aiaraldea.eus

Poliziak asteak zeramatzan pisuan gertatzen zena ikertzen, Ertzaintzak jakinarazi duenez. 

Ertzaintza xehetasun gehiago eman ditu atzo Laudion eginiko polizia operazioaren harira. 30 eta 28 urte dituzte atxilotutako gazteek, eta osasun publikoaren aurkako delitua egotzi diete. 

Lamuza kaleko pisu batean burutu zen operazioa. Poliziak adierazi du kokaina kopuru “esanguratsua” topatu zuela bertan, substantzia hori moztu, pisatu eta banatzeko hainbat tresnarekin eta 9.000 eurorekin batera. 

Ertzaintzak azaldu duenez, azken asteetan hainbat informazio jaso dituzte pisu horretan ohikoan drogarekin trafikatzen egon zitezkeela iradokitzen zutenak. Horregatik, zainketa lanak egiteari ekin zioten, eta modu horretan ikusi ahal izan zuten jende ugari gerturatzen zela etxebizitzara, auzokidea izan ez arren. Poliziaren arabera, batzuetan pisuaren barruan egoten ziren, eta eraikinaren atzeko aldean besteetan, eta bertako kideekin topaketa labur bat izan ostean “arrapaladan” joaten ziren. Hori ikusita, poliziak kalean gelditu zituen bisitarietako bi, eta soinean droga zeramatela konprobatu zuten horrela. 

Epailearen esku utzi dituzte bi atxilotuak. 

Hiru atxiloketa hilabete bakarrean

Azken hilabetean hiru atxiloketa jazo dira eskualdean drogarekin erlazionatuta, gaurkoa kontatuta. Ekainaren 25ean gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak Laudion 100 gramo anfetamina izatea egotzita. Uztailaren hasieran, aldiz, 3 lagun atxilotu zituzten Amurrion eta Ugaon drogak saltzea eta armak izatea egotzita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide