ELA sindikatuak arrakasta argia izan du Autoglas enpresako hauteskundeetan, eta gehiengo absolutua eskuratu du; 7 ordezkaritik 6 lortu ditu eta LABek 1. Asteazkenean eman zuten beharginek euren botoa; eta hurrengoak izan dira bozketaren emaitzak:
- ELA: 121 boza
- LAB: 32 boza
- CCOO: 6 boza
- Boto zuriak: 3
Langile gehienek parte hartu dute deialdian, 181 beharginetik, 162k bozkatu dute. Autoglas da Guardian enpresak Parter Capital Group AG inbertsio talde suitzarrari saldutako atala. Aitor Merino ELAko ordezkariak adierazi du sindikatuan pozik daudela emaitzekin, eta langileei eskertu egin diete euren konfiantza ematea.
Autoglas, etorkizun ezezaguna
Guardianek egindako salmenta, pandemiaren lehen olatuaren atarian gertatu zen. Horren ondorioz, Guardian 209 langile izatera igaro zen. Autoglas, bestalde, enpresa batzordea berritzeko beharrarekin geratu zen. Gauzak horrela, asteazkeneko hauteskundeekin erabaki dute zeintzuk izango diren beharginen ordezkariak. Aitor Merinok azaldu bezala, berez, Autoglasen lortutako ordezkaritzak mantendu egiten du Guardian enpresako joera.
Merinoren hitzetan, azken urteko arrakasten emaitza da langileen konfiantza eskuratzea, lan harremanak eta lan hitzaremana hobetu baititu ELAren presentziak: "Etorkizunera begira lan ildo bera jarraituko dugu, enpresako zuzendaritzari aurre eginda gure eskubideak kolokan egonez gero".
Edonola ere, Merinok aitortu du, boza kopuru handia espero arren, ez zutela argi zer gertatuko zen: "Parter Capital arriskuko kapital funtsa da eta egungo egoera ezezaguna da langileontzat. ELAk azpimarratu zuen hauteskundeak izan baino lehen une erabakigarria zela eta esperimentuak alde batera utzi behar zirela. Horrekin esan nahi dut euskal gehiengo sindikalaren aldeko apustua egin behar zela. Aipatu bezala, Parte Capital erakunde finantzarioa da eta batzorde sendoa beharrezkoa da, erantzun egokiak eskaintzeko".
Epe motzera, albiste onak
Merinoren aburuz, enpresaren aurreikuspenak ez dira txarrak: "Orain ez dugu lan karga oso handia, mugikortasun murrizketek gure sektoreko salmentak moteldu dituztelako, baina espero dugu hurrengo hilabeteetan hori aldatzea; urtarrilean, hain zuzen".
Bestalde, ELAko kideak iragarri du Parter Capitalen inbertsioak egikaritzeko lanak hurrengo astean hasiko direla; garbigailua, laminazio lerroa eta ikuskatze sistema berriak instalatzeko.
Horrez gain, Merinok argitu du Parte Capitalek ekin diola aztertzeari merkatua, eta litekeena dela produktu berriak prestatzea. "Hala eta guztiz ere, zuhurrak izango gara, eta bide horretan inbertsioak ikusi arte, ez dugu ezer emango ziurtzat", erantsi du langileak.