IRITZIA

Loli Garcia, ez zara Tubacexeko grebatik jaitsi, inoiz ez zinelako igo

Aitor Aspuru Saez 2021ko uzt. 29a, 23:00

Tubacexeko greban atxilotutako lehen langilea CCOOko afiliatua zen. / Maddi Isasi

CCOO Euskadiko idazkari nagusiak atzo adierazi zuen, bere ustez, Tubacexeko greba eten behar dela zuzendaritzarekin negoziatzeko. Multinazionalaren gidoiak aurrera darrai greba barrutik tenkatzeko, grebalariak kriminalizatzen eta sindikatu "on eta zentzudunen" eta "txar eta erradikalen" kontakizuna azpimarratzeko.

Atzo zenbait hedabidetan agertu zen CCOO Euskadiko idazkari nagusia, Loli Garcia, Tubacexeko grebari buruz hitz egiteko. Agintariak ez zuen aipatu lan gatazka, ezta bere muina ere (129 kaleratuak eta Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko asmoa enpresaren aldetik) baizik eta greba amaitzearen aldekoa dela, zuzendaritzarekin negoziatzeko. 

Ia 170 eguneko lanuztean Aiaraldean ez dugu izan sindikalista horren berri. Ezta bere afiliatu bat grebako lehen atxilotua izan zenean ere, edo epaitegitik igaro zenean. Ordea, Loli Garciak ezin izan du ekidin bere iritzia ematea, noiz eta grebaren une kritiko honetan. Eta bere ideia ezin suizidagoa da; enpresa sakatzeko dagoen tresna bakarrari uko egitea, nahiz eta orain arte Tubacexeko buruzagiek atzera egin ez duten  kaleratzeak gauzatzeko planean.

Loli Garcia, zuzendaritzaren kameoa

Duela egun gutxi adierazi bezala, Tubacexeko zuzendaritzak estrategia aldatu du grebari dagokionez. Ikusita talka zuzenak protesta hausten ez duela, sindikatu eta langileen arteko liskarrak eragiten saiatzen ari da, batasuna apurtzeko. Orain arte, hainbat hedabideren laguntza izan dute enpresariek, baina gutxik espero zuten CCOOko ordezkaria izatea "izar gonbidatua" gidoi honetan.

Finean, Loli Garciak enpresak ezarri nahi duen kontakizunean sakondu zuen atzo, greban sindikatu onak eta txarrak daudela aipatuta. Onak, jakina, dira greba bertan behera utzi nahi dutenak. Txarrak, ordea, mantentzearen aldekoak direnak. Adierazpenak datoz, gainera, Tubacexeko arduradunen etsipena bistakoa denean. 

Loli Garciak enpresak ezarri nahi duen kontakizunean sakondu zuen atzo, greban sindikatu onak eta txarrak daudela aipatuta

Asteleheneko bileran Langile Batzordeak batasuna erakutsi zuen eta, horregatik, presioa biderkatzen ari dira zuzendaritzako kideek jasotako erantzuna ez zutelako gogoko izan. Horren adibidea izan da Vocento taldeak azken egunetan atera dituen albisteak, zeintzuetan zuzendaritzak bere proposamenari erantzutea eskatu dion langile batzordeari, nahiz eta zuzendaritzak astelehenean bertan erantzun zion: greba ez da amaituko helegitea ez bada bertan behera geratzen.

Erantzuna aldatzeko presio gehigarria behar zelakoan, Loli Garciaren hitzek balio izan dute Tubacexeko arduradunen mezua zabaltzeko eta LABen eta bereziki ELAren gainean ahalik eta presio gehien jartzeko.

Bestalde, Garciaren adierazpenak bereziki itsusiak izan dira, CCOOko afiliatuek lanuztean zehar izandako jarrera zikindu baitu. CCOOko atal sindikalak azkenaldian adierazi du ez dagoela ados grebaren jarraipenarekin langile guztien artean bozkatu egiten ez bada, baina ez dute inondik inora aparteko protagonismoa eskatu, inoren ergel erabilgarria ez izateko, besteak beste.

Garciaren adierazpenak bereziki itsusiak izan dira, CCOOko afiliatuek lanuztean zehar izandako jarrera zikindu baitu

CCOOren apustua Tubacexen

Aipatu bezala, CCOOko atal sindikala grebarekin zalantza gehien izan duena izan arren, horrek ez du kentzen bere kide batzuk lehenengo lerroan egon izana eta jarrera orokorra errespetuzkoa izatea. Esan bezala, protestaren lehen atxilotua sindikatu horretakoa izan zen, eta egun horretan errepidean etzanda zeudenen artean CCOOko kideren bat ere bazegoen.

Afiliatuen portaera eredugarria izan den bitartean, CCOO sindikatuaren egituraren erantzuna eta babesa hutsaren hurrengoa izan da. Erakundeak ez ditu errepresioa edo atxiloketak salatu. Politikoki ekarpena eskasa izan bada, ekonomikoki gauza bera esan daiteke, baliabide anitz dituen sindikatuak ekarpen benetan txikia egin baitu langileekiko, sei hilabete hauetan 407 euro txeke bakarra bideratu baitie.

Afiliatuen portaera eredugarria izan den bitartean, CCOO sindikatuaren egituraren erantzuna eta babesa hutsaren hurrengoa izan da

Baliteke gabezia horiek lotura izatea "sindikatu onaren" rolarekin. Kontua da norentzat den ona CCOO. Izan ere, Loli Garciak ELAri leporatzen dionean negoziatzeko jarrerarik ez edukitzea, ELAk erantzun diezaioke gauza bat dela negoziatzea eta bestea, oso ezberdina, jendea saltzea. Eta, tamalez, EAEn CCOOk jende nahikoren eskubideak negoziatu baino, saldu ditu. Apaltasun apurra izango balu sindikatuak, isilik mantenduko litzateke.

Bi adibide: CCOOk eta UGTk ITP enpresako enplegua erregulatzeko espedientea sinatu zutenez Madrilen -Zamudioko lantegia barne hartuta-, ezinezkoa izan zen espedientea salatzea epaitegiaren aurrean. Ondorioz, espediente horri lotutako langileek kalean bukatu zuten, eta akordio horretatik kanpo zeudenek, bitartean, epaiketa irabazi zuten EAEn. Laudioko langile batek azaldu zion hori Aiaraldea Hedabideari. 

Hori gutxi balitz, CCOO jokaeraren beste eredu bat izan dugu Tubacexeko mobilizazioetan. Bilbon deitutako protesta orokorretan H&M dendetako emakumezkoak zeuden talde zaratatsuenen artean, jarrera benetan aktiboa erakutsita. Jarrera horrek emaitzak ekarri ditu; Estatu Espaniarrean CCOOk eta UGTk kate horren kaleratzeak onartu dituzten bitartean, EAEn enpresak atzera egin du borrokaren ondorioz. 

Adierazpen neurtuak

Aipatutako aurrekariak azalduta, nekez sinistu daiteke Loli Garciaren hitzak kasualitatez une honetan heltzea. Gainera, bestelako mekanismoak jarri dira abian zuzendaritzaren bertsioa indartzeko. Atzo bertan LABeko ordezkari sindikalak salatu zuen Ertzaintzak indentifikatu zuela eta zigortuko zutela esan ziotela autobusean joaten den jendearekin hitz egiten saiatu zenean. Orain arte informatzeko eskubidea zigortu ez den arren, orain horrelako neurriek bat egiten dute Tubacexeko buruek sindikatuei leporatutako “mehatxuekin”, eta kriminalizazioarekin jarraitzeko balio dute.

Berez, LAB jomugan jarri zuten hedabideek modu faltsuan pasa den astean jadanik. Alegia, sindikatu bereko bi kideren arteko eztabaida “langile batzordean emandako estatu kolpe” bilakatu zuten bi egunkarik. Intoxikazioaren azken urratsa izan zen jazo ez zen gertakaria sindikatu abertzaleari leporatzea. Intoxikazioa eta gerra psikologikoa, finean.

Zuzendaritzaren estrategia berriak grebaren aurka, batasun sindikala izorratzeko, dena den, arazo txiki bat du: greba ez dela soilik langile batzordearena edo sindikatuena

Sindikatuak ez daude bakarrik

Zuzendaritzaren estrategia berriak grebaren aurka, batasun sindikala izorratzeko, dena den, arazo txiki bat du: greba ez dela soilik langile batzordearena edo sindikatuena. Hau da, grebak aurrera egin badu hilabete luze hauetan izan da, gehienbat, ehunka langilek eutsi diotelako lanuzteari, eta kaleratuek ez dutelako amore eman. Baina badira ere bestelako gakoak; pikete aktiboak eta dinamikoak egon direla, sormen handikoak eta ez bakarrik gatazkan zentratuak. Horrez gain, eskualde oso batek babestu du lanuztea eta zilegitasun soziala protestaren alde dago, nahiz eta hori zikintzeko eta nahasteko ahalegin handia egiten ari diren zuzendaritza zein bere palmeroak, Loli Garcia barne.

Edonola ere, artilleria andanak beste arazo gehigarria dauka; kartutxoak agortzen direla eta zuzendaritza beldur eta paniko itxura ematen hasi dela, bistakoa delako espero gabeko porrot batean pentsatzen hasi direla.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide