Ehunka lagun mobilizatu ziren iragan ostiralean -irailak 24- Laudioko udal hiltegiaren irekiera aldarrikatzeko. Eskualdeko dozenaka baserritarrek, harakinek eta kontsumitzailek osatzen duten 'Hiltegia ez itxi' plataformak deitu zuen protesta ekimena.
Uztailaren 2an itxi zuten Laudioko udal hiltegia kautelazko neurri gisa, bertan antzemandako irregulartasun batzuk zirela eta. Iraila hasieran, ordea, udal gobernuak enpresa kudeatzailearekin zuen kontratua deuseztatu eta plegu berriak osatzeari ekin zion, hiltegiaren etorkizuna ziurgabetasunez inguratuta.
Aiaraldeko baserritarrek Hiltegia ez itxi' plataforman antolatzeari ekin diote, azpiegitura publikoaren irekiera ekarriko duen prozesuan eragile aktibo izateko helburuarekin. Izan ere, hiltegiaren itxierak kinka larrian jartzen du eskualdeko lehen sektorea eta landa eremua, azaldu dutenaren arabera.
Ekoizleek adierazi zuten bateraezina dela 'zero kilometro' filosofiaren alde egin eta horrelako neurriak hartzea. Hiltegiaren itxierak 11 langileren etorkizuna kolokan jartzen duela ere salatu zuten ostiraleko manifestazioan.