Atzo Jose Antonio Gorbea eta Iker Uribarri abeltzainek eta Hiltegia Ez Itxi! plataformako kideek hitza hartu zuten Eusko Legebiltzarreko Garapen Ekonomikoko Batzordean, baina ez zuten albiste onik ekarri eskualdera.
Izan ere, EAJko zein PSE-EEko ordezkariek argi adierazi zuten Eusko Jaurlaritzak ez duela berriro irekiko Laudioko udal hiltegia. Txarli Prieto sozialistak, hain zuzen, argudiatu zituen horretarako arazo teknikoak daudela.
Iker Uribarri plataformako kideak adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari erabakia erabat politikoa izan dela: "Txosten tekniko batean oinarritu dute hiltegia ez irekitzearen erabakia. Baina, nahiz eta duela hilabete eskatu, ez dugu txosten hori jaso. Edonola ere, txosten horren muina isurketak omen ziren eta epaitegiak ukatu du isurketarik egotea. Ondorioz, itxiera erabaki politikoa da, udalak eta Eusko Jaurlaritzak emandako arrazoiak gezurtatu baititugu bata bestearen atzetik; ez bada isurketarik, ez da araztegirik behar, eta horrek suposatzen du ez dela milioi bat euro inbertitzeko premiarik. Horrez gain, aipatu zuten ez zegoela animalien ongizaterik edota osasun bermerik, eta guk gogoratu genien hori Eusko Jaurlaritzaren eskumena zela. Horren ostean, atzera egin zuten esandakoarekin. Oñatiko hiltegia ireki zenetik, azpiegitura txiki guztiak itxi dituzte. Argi dago jarduera zentralizatu nahi dutela".
Etorkizun beltza
Uribarrik gehitu du hiltegiaren itxierak jarduera ekonomikoa etetea ekarriko duela abeltzain eta baserritar askorentzat. Hori dela eta, plataformak hausnartu behar du zein bide hartuko duen etorkizun hurbilean: "Etorkizunean beste hiltegi bat irekitzea aipatzen dute erakundeek, baina hori gertatu arte, zer gertatzen da egun lanean ari direnekin? Bezeroak galduko ditugu, eta harategiek ere. Ez dauka zentzurik hiltegia ixteak konponbiderik eman gabe, are gehiago erakutsi denean azpiegiturak funtzionatzeko aukera duela, legea beteta. Gure ustez, itxieran irregulartasun ugari gertatu dira, eta orain erabaki behar dugu zein urrats egin".
Uribarriren ustez, ideia onak dira beste hiltegi bat irekitzea eta tokiko erakunde gehiagok parte hartzea; baina, bere aburuz, funtsezkoena da dagoena ez ixtea, berri hori heltzen den bitartean.