Aurkezpena egin du 20:30an AEKk Faktorian. Korrikari buruzko 'Uhinak' jaso dituzte, izen bereko ikus-entzunezkoan. Asier Amondo Korrikako arduradunak hartu du hitza lehenbizi, eta egitasmoaren nondik norakoak azaldu ditu. Ondoren, Txakur Gorriako Ane Labaka Mayoz eta Mariñe Arbeo Astigarraga aritu dira ekoizpen prozesuari buruz hizketan. Aitortu dutenez, bi zati bereizi nahi izan dituzte lanean, lehenbizikoa hitzekin lotutakoa, eta bestea praktikarekin, "ekin".
Euskal Herri osoko errealitate desberdinak bildu nahi izan dituzte horrela, adin anitzetako 9 partaideren bizipenekin. Dokumentalean, besteak beste, Aretako eta Laudioko zenbait irudi "zahar" ageri dira.
"Hasteko, bederatzi lagunen 'hitzei' esker beste hainbeste errealitate linguistiko eta emozional ezagutzeko aukera izango du ikusleak. 'Ekiteari' dagokion zatian, berriz, hitzek mundua eraikitzeko duten gaitasunaz hausnartzeko gonbita egingo zaio, Lorea Agirreren ahotsean eta KORRIKAko irudi zaharrekin lagunduta", zehaztu dute Txakur Gorriako kideek.
37 lagun elkartu ditu dokumentalaren aurkezpenak. Horien artean egon dira Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiko Euskararen eta Gobernu Irekiaren zuzendaria, Ander Añibarro Laudioko alkatea, Encina Castresana Aiarako Kuadrillako lehendakaria, AEK-ko eledunak, Laboral Kutxako ordezkariak, eta Aiaraldeko euskaltegietako ikasle eta irakasleak.
Amurriotik hasiko da 22.Korrika martxoaren 31n. Aiaraldea lehenbiziko egunean zeharkatuko du. Aiaraldea Komunikabideak jarraipen berezia egingo du, ohi bezala.