Soka luzea ekarri du asteartean -otsailak 1- Alea komunikabideak argitaratutako albistea: Epaile batek euskara "zaila" dela argudiatu du Laudioko Udaleko hizkuntza eskakizun bat saihesteko. Epaia aurrekari arriskutsutzat jo dute euskalgintzako eragileek, eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak eta Euskal Herriko Euskalgintza Kontseiluak elkarretaratzea deitu dute larunbaterako, Laudioko Herriko Plazan.
12:30ean egingo dute mobilizazioa "Euskaraz bizitzearen alde batuz" lemapean.Eragile politiko, sozial eta kulturalen parte hartzea eskatu dute antolatzaileek.
Paul Bilbao Euskalgintza Kontseiluko idazkari nagusiak salatu du hizkuntza politika berria epaien bidez ezarri nahi dutela. Bilbaoren aburuz, botere judiziala hizkuntza politika "nahieran" arautzen hasi da jurisprudentzia bilatzeko asmoz: "epaileek oldarraldia hasi dute euskararen kontra eta beharrezkoa da modu bateratuan erantzutea".
Epai arriskutsua
Ana Maria Martinez Navas Gasteizko 3. epaitegiko epaileak 2020ko hizkuntza eskakizuna ez betetzeagatik kaleratutako udaleko funtzionarioaren alde egin zuen, euskara munduko 5. hizkuntza zailena dela argudiatuta. Argudioak interneteko webgune batetik kopiatu zituen hitzez hitz. Aurrekari "oso arriskutsutzat" jo zuen Laudioko Udalak jasotako aurkako epaia Kike Amonarriz soziolinguistak, eta horrelako kasu gehiago etorriko direla iragarri zion Aiaraldea Komunikabideari eskainitako elkarrizketan:
LAB sindikatua ere epaiaren aurka azaldu da, eta euskararen aurkako gorrotoa leporatu dio Martinez Navas epaileari. Sindikatu abertzalearen iritziz, epaiak agerian uzten du euskararen normalizazioaren kaltean gertatzen ari den inboluzioa, eta ezinbestekotzat jo ditu euskara babesteko akordio zabalak eta berezko legeak.
Ander Añibarro alkateak atzo bertan iragarri zuen Laudioko Udalak epaiaren aurkako helegitea aurkeztuko duela.