Etxebarria baserria bisitatzeko moduan utzi nahi du Laudioko Udalak aurten

Txabi Alvarado Bañares 2022ko api. 4a, 21:32

Bide berria eraiki dute baserriaren alboan. / Aiaraldea.eus

Hainbat obra egingo dituzte gunea bisitarientzako segurua izan dadin. 

Etxebarria baserria bisitatzeko moduan egongo da urtea amaitu baino lehen. Hala iragarri du Laudioko Udalak. Hainbat obra egingo dituzte azpiegitura egonkortu eta, modu horretan, herritarrentzako segurua izan dadin. 

Ez dute horretara mugatu nahi: panel batzuk jartzea ere dute buruan, Turismo Planaren barruan. "Panel horiek QR kode batzuk izango dituzte, bisitariak baserriari buruzko informaziora bideratzeko", azaldu du Ander Larrinaga zinegotziak. 

Gainera, bide berri bat eraiki da duela gutxi baserriaren albo batean, Zumalakarregi etorbideko etxebizitza berriak eta bertako parkea Goikplaza kalearekin konektatzeko. 

Laudioko Udal Gobernu Taldeak proiektu zehatz bat aurkeztu zuen Etxebarria Baserrirako: haur eskola atondu nahi zuen bertan, legeladia amaitu baino lehen. "Baina bidean konturatu gara espazioak behin behineko alternatiba bat behar duela", azaldu du Larrinagak, eta gaineratu du gauza batek ez duela bestea kentzen. 

Laudioko ondare elementu esanguratsuenetako bat bilakatu da Etxebarria baserria, XVI. mendeko margolanak topatu baitziren bertan. Euriteek eta eraikinaren egoerak nabarmen hondatu zituzten arrastoak. Horregatik, paretak zutik mantentzeko estruktura jarri zuten, txapazko sabai eta guzti. Estruktura hori egonkortzea izango da aurten egingo dituzten lanen xede nagusia. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide