Garnicaren akzioen gehiengoa erosi du Carlyle Group inbertsio funts estatubatuarrak. Atzo sinatu zuten akordioa eta enpresak azaldu duenez, Carlylek hartuko du orain arte ICG funtsak izan duen tokia. Egungo zuzendaritzak eta Garnica familiak, aldiz, akziodun izaten jarraituko dute, orain arte bezala.
Aurreikusi dutenez, datorren urtearen hasieran jarriko da akordioa indarrean, "beranduenez". Lehiakortasunaren defentsaren aldeko Europako batzordeek onartu behar dute operazioa lehenbizi.
Laudioko enpresako zuzendaritzak "oso pozik" hartu du albistea. "Izan ere, munduko inbertsio funts handi eta prestigiotsuenetako bat da Carlyle. Gauzak hala, bazkide potente bat izango dugu, erabat lagunduko gaituena datozen urteetako negozio planaren garapenean".
Horri lotuta, "munduan presentzia" indartzeko asmoa du enpresak, berrikuntza eta garapenean sakontzearekin batera.
Enpresa Batzordearen iritzia
Laudioko lantegiko enpresa batzordeak duela gutxi jaso du albistea, zuzendaritzak ez baitio ofizialki ezer komunikatu. Langileen ordezkariek ez dute uste lantegian ezer aldatuko denik, inbertsio funts bat beste bategatik ordezkatu delako.
Aldaketarik egotekotan, eskari kopuruan izango litzateke, batzordeko kideen aburuz: "Baliteke honek aukera ematea Estatu Batuetako merkatura zabaltzeko. Hori ondo etorriko litzaiguke, Garnica taldeko fabrika guztiak geldirik daudelako une honetan. Trebakuntza saioak ematen ari gara, eskariak jaitsi direlako eta biltegietan espazio gutxi dagoelako stockerako".
Enpresa Batzordeko kideek espero dute datorren astean bildu ahal izatea zuzendaritzarekin, “gai honi eta dagoen lanari buruzko informazioa jasotzeko”.
Urte gorabeheratsua
2018an erosi zuen Garnicak 'Maderas de Llodio' kooperatiba. Ordutik hona enpresa talde horrek kudeatu du ekoizpen planta laudioarra.
Urte gorabeheratsua izan da aurtengoa fabrikan. Martxoan iragarri zuen Garnicak Laudioko lantegian 5 milioi euro inbertitzeko asmoa. Handik hilabetera, aldiz, sute handia egon zen lantegian. Kalte material ugari eragin zituen ezbeharrak, eta ekoizpena hainbat astez egon zen geldirik.