Anabel Perez De Aguado Resak hartu du Aitziber Duarte zeramikariaren lekukoa Bigarren azala egitasmoan. Atzo jarri zuten berak eginiko murala Zumalakarregi etorbidean.
Bere ohiko estiloari eutsi dio Aretako artistak, argazkiak eta testua collage estiloan uztartuta. Oraingoa ere, haur lapurtuak izan ditu hizpide. Bere sorkuntza ibilbide osoan presente egon da gai hori, bere esperientzia pertsonaletatik abiatuta.
Seigarren 'azala'
Udan plazaratu zuen Kulturzaleak elkarteak 'Bigarren azala' ekimena. Dinamika sinplea da: Laudioko artista batek sortutako mural bat jartzen dute hilero Zumalakarregi etorbideko paretan. Orain arte bost sortzaileren lanak egon dira ikusgai: Izaskun Alonso Saratxaga margolariarena, Xabi Gorostiaga Uriarte disenatzailearena, Peke Jaen argazkilariarena, Igor Arzuaga musikariak eta Aitziber Duarte zeramikariarena.