Jose Arrueren eskulturaren inaugurazioarekin jo du goia margolariaren omenezko ekintza sortak

Txabi Alvarado Bañares 2022ko abe. 13a, 15:46

Alberto Acero plazan jarri dute figura. Ruperto Urkijoren eskultura egin zuen artista bera arduratu da Arruerena egiteaz. 

Dozenaka lagun bertaratu dira gaur eguerdian Laudioko Alberto Acero plazara, estalkia kendu baitiote Jose Arrueren eskulturari. 

Nati Gomez Arruek hartu du hitza ekitaldian. Margolariaren ilobak aitortu du hasieran ez zitzaiola eskulturaren kokapena gustatzen, baina pozik dagoela emaitzarekin: "Josek ez luke ezer margotuko hemen, mendi eta paisaietatik urrun. Baina ez da margotzen ageri, herritarrak eta kale giroa begiratzen baizik". 

Lurdes Umerezek egin du eskultura, bere garaian Lamuza plazan dagoen Ruperto Urkijoren eskultura egin zuen artista berak. Eskultorea ere egon da inaugurazioan, eta figuraren sorrera prozesua izan du hizpide. Bere hitzetan, "dokumentazio lana" egin zuen lehenbizi, Arrueren argazki eta bestelako dokumentuak kontsultatuta. "Eskulturaren eskeletoa" egin zuen jarraian, eta gorputza osatzeari ekin zion gero, poliespana, eskaiola eta zeramika baliatuta. Antzekotasun handia du eskulturak margolariarekin, baina hori ez da garrantzitsuena, Umerezen arabera: "Askotan inportanteagoa da begirada eta eskulturak zer jarrera duen". 

Felix Mugurutzak agurtu du ekitaldia. Udaleko euskara eta kultur identitate teknikariak aldarrikatu du aurrerantzean Arrue "pertsonaia bat" izateari utziko diola, laudioar guztien "lagun" bat izatera pasatzeko. Ondoren, Arloteek abestu dute, ekimena jai-giroarekin amaitzeko. 

"Arrueren urtea"

45 urte bete dira aurten Jose Arrue margolaria zendu zenetik. Hori dela eta, urte osoko dinamika abiatu du Udalak, hainbat jarduera burututa: Arrueren margolanen muralak jarri zituzten urte hasieran Latiorroko pasabideko bi aldeetan, unitate didaktikoa osatu dute ikastetxeetan lantzeko eta hitzaldiak antolatu dituzte, besteak beste.

Horrez gain, margolariaren hainbat obra entzutetsu jarri dituzte Kultur Etxean. Erakusketa hori ikusgai dago oraindik, ostegunera arte. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide