Ostiralean hasi ziren ofizialki Laudioko Antzokia eraikitzeko lanak. Latiorro auzoko Altzarrate kaleko berdegunea hesitu dute, eta hondeamakina sartu dute bertan zeuden zuhaitzak kentzeko. Altuna y Uria enpresa arduratzen ari da lanak egiteaz, eta 24 hilabete izango ditu horretarako.
5.377.357,39 euroko aurrekontua du obrak, gehi 1.129.245,05 euroko BEZa. Hau da, 6,5 milioi euro guztira. Kontuan hartu behar da antzokia eraikitzeko lehen lehiaketara ez zela inor aurkeztu eta, horren ondorioz, diru-eskaintza handitu behar izan zuela tokiko erakundeak. Hala ere, Udalak ez du diru guztia jarriko, kanpoko finantziazioa izango baitu horretarako. Alde batetik, Aiaraldeko Plan Estrategikotik eratorritako dirua jasoko du, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiare partetik. Bestetik, Espainiako Gobernutik ere jasoko du dirua, EH Bilduk negoziatutako partida baten bidez.
Espazioak 1.800 metro karratuko azal erabilgarria izango du eta 500 pertsona ingururentzako edukiera. Gainera, begiratoki bat jarriko dute eraikinaren teilatuan. Horrez gain, enpresak igogailu bat ere eraikiko du, sarreratik eraikineko terrazairo joango dena. Gainera, %8tik beherako malda bat ere eraikiko dute, San Martin kaleko 3. zenbakiraino joango dena.