Gaur arratsaldean egin da Laudioko legealdiko azken Udal Osoko Bilkura, hauteskundeen biharamunean. Berez, ez zegoen aparteko punturik lantzeko: gai gehienak berri ematekoak izan dira eta gainontzekoak aho batez onartu dira, eztabaidarik gabe. Baina talde politiko guztiek hartu dute hitza jarraian, erregu eta galderen puntuan.
Ander Añibarro mintzatu da lehenbizi. Alkateak “bihotzez” eskertu du zinegotzi guztiek legealdi honetan zehar eginiko lana. “Nik uste dut lan ona egin dela, alde guztietatik. Eztabaidatu dugu, akordioetara iritsi gara, haserretu egin gara baita, barre egin dugu… ni alde positiboarekin geratzen naiz eta eskerrak eman nahi dizkizuet guztiei”, adierazi du gobernuburuak. Era berean, EAJko gainontzeko zinegotziei ere eman dizkie eskerrak, beragan jarritako konfiantzagatik. PSE-EEri, aldiz, legealdiko lau urteetan udal gobernuan eginiko lana eskertu dio. EH Bildu eta Omniari, aldiz, “eginiko lana eta akordioetara heltzeko prestutasuna” aitortu dizkie.
Alvaro Barriosek Natxo Urkixo (aurreko alkatea) aipatuz hasi du bere hitzartzea. Izan ere, bera izan zen zinegotzi guztiei legealdi amaieran oroigarri bat ematearen ohitura abiatu zuena, eta “detaile polita” iruditzen zaio hori Omniako zinegotziari. Barriosen aburuz, “manera onak” izan dira nagusi legealdian zehar. Alderdi laudioarraren alkategaiak eskerrak eman dizkie hauteskunde kanpainan zehar agoantatu dieten herritar guztiei, “propagandarekin eta autoko bozboragailuekin”. Horrez gain, zerrendaburuak esker bereziak eman nahi izan dizkie bere kanpainaren atzean egon den lan-talde osoari.
EH Bilduko Lamia Arcasek ere eskerrak eman dizkie Laudioko herritarrei, eta keinu berezia egin die "prozesu parte hartzaileetan aktibatuko diren herritarrei eta hurrengo legealdian indarrak jarriko dituztenei”.
PSE-EEren zorion mezua EH Bilduri
PSE-EEk, bere aldetik, EH Bildu zoriondu du atzoko hauteskundeetan lortutako emaitzengatik. “Guztiok egin beharko dugu gure hausnarketa jakiteko zergatik galdu dugun edo zergatik utzi diogun irabazteari”, aipatu du Loli Muriel zinegotziak eta, gainontzeko talde politikoen ildoari jarraituz, eskerrak eman dizkie legealdian zehar Udalean egon diren zinegotzi guztiei. “Espero dut hurrengo legealdia hau bezalakoa izatea behintzat, ez baita gaizki egon”.
Pregoilari eta txupineroei buruzko argibideak
Bestelako gai bat ere izan dute hizpide plenoaren amaieran, modu laburrean izan bada ere: jaietako pregoilari eta txupineroaren hautaketa. EH Bilduko Nagore Gomarak azaldu du maiatzeko kultura batzorde informatiboan ez zela inolako gairik landu, eta handik astebetera prentsaren bidez jaso zutela albistea. Añibarrok azaldu du notizia filtratu egin zela. “Ez du Udalak filtratu”, ziurtatu du alkateak, “kontzertuen programazioarekin gertatu zen berdina gertatu da, gaia lan-talde zabal batean lantzen delako”.
Hemen ikusi daiteke Udal Osoko Bilkura osorik: