Latiorroko kutxazaina kendu du Kutxabankek

Txabi Alvarado Bañares 2023ko eka. 27a, 13:00

Latiorroko bulegoak 2016tik darama itxita. / Aiaraldea.eus

Modu horretan, finantza erakundetik dirua ateratzeko bi toki baino ez dira geratzen udalerrian: Alberto Acero plazako bulegoak eta Aretako kutxazaina. 

Duela zenbait aste kendu zuen Kutxabankek Latiorron zuen Kutxazaina. Bertako bulegoa 2016tik darama itxita, baina dirua ateratzeko makinak funtzionatzen jarraitzen zuen, orain arte. 

Azken murrizketa horrekin, azken urteetako joeran sakontzen dihardu finantza erakundeak. 2013tik 2020ra bitartean 239 kutxazain kendu zituen, eta 1.426 langile kaleratu eta 310 bulego itxi zituen 2012tik 2020ra bitartean. 2017an itxi zituzten Areta eta Okondokoak, bizilagunen hainbat protesten artean.

Artziniegako bulegoa ere denbora luzez egon zen itxita COVID-19aren pandemia hasi zenean. Aurrez aurreko zerbitzua berreskuratzera iritsi zen handik denbora batera, baina murrizketa nabarmenekin. 

Lau bulego eta 13 kutxazain geratzen zaizkio Kutxabanki eskualdean

Latiorroko Kutxazainaren itxierarekin, Laudioko herrigunean toki bakarra geratu zaie Kutxabanken bezeroei dirua atera eta bestelako tramiteak egiteko: Alberto Acero plazako bulegoa.

Bost kutxazain daude bertan guztira. Gune hori 2021ean ireki zuen Kutxabankek, Zumalakarregi eta Nerbioi kaleko sukurtsalak itxi ostean.

Berehala hasi ziren nabaritzen bi bulegoak bakarrean fusionatzearen ondorioak, jende-ilarak eguneroko ogia bilakatu baitziren zenbait hilabetez. Aretako kutxazainak, bere aldetik, funtzionatzen jarraitzen du, baina arazo teknikoak dituela salatu dute hainbat bizilagunek. 

Gauzak hala, Aiaraldean lau bulego baino ez zaizkio geratzen Kutxabanki: Urduñakoa, Amurriokoa, Artziniegakoa eta Laudiokoa. Kutxazainak, aldiz, 13 dira eskualdean: Bana Okondo, Artziniega, Areta eta Orozkon, bina Urduña eta Amurrion eta bost Laudion.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide