'Sormen Astea' antolatuko dute Kirikiño aisialdi taldeak eta Laudio Institutuak elkarlanean, gaurtik igandera bitartean. Hainbat mural margotuko dituzte Ellakuriko Basoa espazioan. Gregorio Marañon Institutuaren eraikinaren alboan dago gune hori, eta ikastetxeko hainbat pareta baliatuko dituzte horma-irudiak egiteko.
Aiaraldeko zein Euskal Herriko hainbat sortzaileren laguntza izango dute horretarako. Jurassic Walls kolektiboko kideek atzo ekin zioten margotzeari, eta larunbatera arte egongo dira horretan. Martz artistak, aldiz, gaur ekingo dio lanari.
Mural parte hartzaileak
Horrez gain, mural parte hartzaileak ere egingo dituzte, nahi duen orok izan dezan paretetan arrastoa uzteko aukera. Izaskun Alonso Saratxaga ostiraletik igandera egongo da horretan. Aitziber Duarte, aldiz, larunbatean arituko da margotzen.
Antolatzaileek azaldu dutenez, arratsaldero egongo da Basoa espazioa irekita, 17:00etatik 20:00etara, sortzaileek nola lan egiten duten ikusteko aukera emateko. Hala ere, aurreratu dute asteburua izango dela horretarako unerik aproposena, muralak garatuen egongo diren unea izango delako.