Askorako eman zuen atzoko egunak Laudion. Eguerdiko txupinazoaren ostean, herriguneko hainbat txokotara zabaldu zen jai giroa. Parranda izan zen nagusi, oso ekintza anitzen bidez.
13:30ean ireki zen Txosnagunea, eta orduan banatu zen Urrezko Katxia. Aurten txosnetako txandalariei eskaini diote aitortza, jai herrikoi eta parte hartzaileen alde egiten duten lanagatik. Jarraian, Iratzar erromeria igo zen oholtza gainera, festa alaitzen jarraitzeko asmoz.
Baina musika eskaintza ez zen txosnaguneko espaziora mugatu. Hainbat diskofestek hartu zuten herria arratsaldeko lehen orduetan. Lamuza Parkean, aldiz, punk doinuak nagusitu ziren, Orbeko Etxean antolatutako Kaos In Pompeya jaialdiaren IV. edizioan.
Haindik gutxira, pintura lehiaketako sariak banatu zituzten udaletxean. 24 margolarik hartu dute parte aurtengo norgehiagokan, eta Francisco Javier Espigares donostiarra gailendu da. Bigarren saria Cordobako Miguel Repollosek jaso zuen, eta hirugarrena Zara Garcia kantabiarrak. Margolan guztiak ikusgai daude Udaletxean bertan.
Laudioko Mugimendu Feministako kideak King Africarekin hitz egiten saiatu ziren kontzertua amaitu zenean, emanaldian zehar eginiko jarrera eta iruzkin matxistak leporatzeko. Udalari eskatu diote "kontzertuaren antolatzaile moduan dagozkion ardurak har ditzan"
King Africaren kontzertuaren afera
Ohiko ekintzak ere ez izren falta izan arratsaldean. Ski taula txapelketak ehunka lagun bildu zituen, eta ondoren are gehiago bildu ziren Alberto Acero plazan, King Africaren kontzertuan. Emanaldi polemikoa eskaini zuen musikariak, bere abesti ezagunak komentario eta jarrera matxista ugarirekin hornitu baitzituen.
Laudioko Mugimendu Feministak publikoki salatu du gertatutakoa. Azaldu dutenez, eragile horretako kideak King Africarekin hitz egiten saiatu ziren kontzertua amaitu zenean, baina artistaren managerrak ez zien utzi. Horrez gain, Udalarekin ere jarri dira harremanetan, "kontzertuaren antolatzaile gisa dagozkion ardurak hartu ditzan".
EH Bilduk, bere aldetik, oharra zabaldu du, Mugimendu Feministaren aldarriekin bat egin eta kontzertua "aurreko udal gobernu taldeak" kontratatu zuela azaltzeko.
Kofradiaren ardo dastatzea
Bien bitartean, San Pedro elizako arkupeetan oso bestelako egoera bat bizitzen ari zen. Urteroko tradizioari jarraiki, bertan bildu ziren Erroke Deunaren Kofradiako kideak, jaien azken eguneko bazkarian edango duten ardoa aukeratzeko. Hala ere, ohiko ekintza hori ezohiko eszena bilakatu zen, foko eta kamara artean egin baitzuten. Patxu Urkijo zinemagile laudioarrak (kofradea bera ere) jaiei buruzko filma bat grabatzeari ekin dio, eta egun osoa eman zuen jarduerak grabatzen.
Gaur ere egun osoko egitaraua egongo da Laudioko Jaietan. Hemen ikusi daitezke ekintza guztiak.
Argazkiak: Txabi Alvarado, Bego Respaldiza eta Laudioko Udala