Laudioko Jaietan hainbat eraso matxista jazo direla salatu dute Mugimendu Feministak eta Txosna Batzordeak, eta mobilizazioa deitu dute gertatutakoa salatzeko. Gaur -abuztuak 16- izango da protesta ekimena, Txosnagunean bertan, 22:00etan.
Izan ere, erasoetako bat jaietako espazio horretan eman zen atzo gauean. Mugimendu Feministako kideek protokoloa aktibatu zuten Akerbeltz erromeriaren kontzertuaren erdian, eta emanaldi hori amaitu eta berehala itxi zituzten txosnak.
Hauek ez dira Aiaraldean udako jaien testuinguruan salatzen diren lehengo erasoak. Amurrion astelehenean egin zuten elkarretaratzea larunbatean jazotako zenbait kasu salatzeko. Luiaondoko Jaietan, aldiz, eraso matxista eta arrazista baten berri jaso zuen Otsemeak Neska* Gazte Taldeak.
