Kultur sorkuntza Aiaraldean

Esti Urresola, Victor Erice eta Juan Antonio Bayonaren artean aukeratuko dute nork ordezkatuko duen Espainiako Estatua Oscar Sarietan

Aitor Aspuru Saez 2023ko ira. 7a, 12:25

Esti Urresola Bilbon, bere filmaren aurreestreinaldian. / Aiaraldea.eus

Gaur jakinarazi du Espainiako Zinema Akademiak Esti Urresola laudioarraren 20.000 especies de abejas, Victor Ericeren Cerrar los ojos eta Juan Antonio Bayonaren La sociedad de la nieve direla finalistak Oscar Sarietan Espainiako Estatua ordezkatzeko.

Irailaren 20an egingo dute publiko hiruretako zeinek lortuko duen Oscar Sarien lehiaketan egotea. Horretarako kanpaina egitea ezinbestekoa izango du Urresolak hurrengo egunetan. Dena den, Aiaraldeko zuzendariak aurreikuspenak bete ditu dagoeneko.

Zinemagile laudioarrak sekulako mugarria jarri du euskal zineman 20.000 especies de abejas bere lehen film luzearekin. Izan ere, film independenteak 150.000 ikusle baino gehiago erakarri ditu zinemara eta nazioarteko hainbat jaialdiren aitortza jaso du. 

Horretarako gai arantzatsua landu du; identitatearen eta adin anitzeko belaunaldien krisialdia adingabe transexual baten bidez.

Urresolaren lanak zinemaren bi mitorekin nor baino nor lehiatzera eraman du. Lehenik eta behin, Victor Erice Karrantzako zinemagilearen film berria izango du aurrez aurre. Zuzendariak ez du ezer grabatu 30 urtez eta Cerrar los ojos izan da bere itzulera.

Ericek txalo zaparrada jaso zuen Canneseko jaialdian eta Donostiako Zinemaldiaren aitortza ere jasoko du irailean, bereak baitira El espíritu de la colmena edota El sol del membrillo pelikula entzutetsuak.

Ericeren zinema intimistaren beste puntan dago Juan Antonio Bayonarena, ekoizpen handiak eta akzioz beterikoak eginda ibilbide izugarria eta meteorikoa bete baitu. Lo imposible, Jurassic World edota El orfanato filmeena ez ezik, Lord of the Rings: The Rings of Power telesaioaren egileetako bat ere bada.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide