Autoglas-Glavista enpresako ELAko sail sindikalak oharra plazaratu du jakinarazteko konpainia une kritikoan sartuko dela aste honetan. Izan ere, enplegu-erregulazioko espedientea abiatuko du konkurtso-administratzaileak, bai enpresa ixteko zein 240 langileak kaleratzeko.
Horretarako merkataritza epaitegira joko du eta epaileek 30 egun emango dizkiete alde ezberdinei, akordioa lortu dezaten.
Mobilizazioak
ELAko ordezkarien ustez, egoera iraultzea zaila izango bada ere, ez dute amore emango azken unera arte. Hain zuzen, konpainia desagertzeko oraindik hilabete baino gehiago falta da, eta teorian, gutxienez, aukerak daude egoera konpontzeko.
Hori dela eta, herritarren babesa eskatu dute. Aurreikusi dituzten ekitaldien artean badaude Iñigo Gomez Parter Capitaleko abokatuaren bulegoen aurrean elkarretaratzea egitea (kapital funtsa erabat desagertuta dago) eta SPRIren egoitzaren edota Guardian multinazioanalaren aurrean protesta egitea.
Horrez gain, azaroaren 2an Eusko Legebiltzarrean hitza hartzea eskatuko dute eta egun berean eraikinaren aurrean ere bilduko dira.
Presio neurri eta ikusgarritasun horrekin, Glavistako langileek aldarrikatu nahi dute badagoela enpresarako etorkizun bideragarria eta Guardian multinazioaleko zuzendaritzak oztopatzen duela.