Langile asanblada egin dute Autoglas-Glavistako langileek gaur goizean, haizetako fabrikaren barruan. Enplegua Erregulatzeko Espedientearen prozesuan egondako azken nobedadeak azaldu dituzte bertan. Izan ere, iragan astean jakin zuten epaileak prozesuan parte hartzera derrigortuko zituela Parter Capital eta Guardian, "enpresa taldea eratzen zutenaren zantzuak" sumatu zituelako, sindikatuek azaldutakoaren arabera.
Gauzak hala, mobilizazioekin jarraitzeko erabakia hartu dute beharginek gaurko batzarrean, eta hurrengo zita zehaztu dute: ostegun honetan izango da, Guardianen atariaren parean. Elkarretaratzea egingo dute bertan 12:30etatik 14:00etara, eta herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbita.
