Hasi dira Laudioko anbulatorio berria eraikitzeko lanak. Latiorro auzoko berdegunea hesitu dute dagoeneko, eta gaur goizean moztu dituzte bertan dauden zuhaitzak, obrei ekin ahal izateko. Altuna y Uria eta Ormak enpresek elkarrekin sortutako aldi baterako enpresa-elkartea arduratuko da proiektua egikaritzeaz, 14,2 milioi euroren truke, eta 22 hilabeteko epea izango du horretarako.
Altuna y Uria da, hain zuzen, bertatik metro eskasetara antzokia eraikitzen ari den enpresa berdina. Oso ezaguna da Euskal Herrian, hainbat obra publiko esanguratsu egin dituelako 1975tik hona: Leitzarango Autobidea, Eibar-Gasteiz AP-1 autopista, Kursaal eraikina, Zubietako Erraustegia...
Antzokiaren kasuan, gainera, Altuna y Uria izan zen lehiaketara aurkeztu zen enpresa bakarra. Eta bigarren deialdian izan zen hori, lehenengoan ez baitzen enpresa bat bera ere ez aurkeztu. Anbulatorio berriaren kasuan, aldiz, lehia handiagoa egon da, 10 enpresa aurkeztu baitira guztira.
Gauzak hala, obra-giroa nagusituko da Latiorroko zelai horretan 2025era arte.
2021eko ekainean jakinarazi zuen Gotzone Sagardui osasun sailburuak Laudioko anbulatorioaren kokalekua zein izango zen. Erabakiak eztabaida sortu zuen herritarren eta hainbat talde politikoren artean. Hala ere, EH Bilduk eta Omniak osatutako udal gobernu berriak itxitzat eman zuen eztabaida hori, gaiari lotutako irakurketa kritikoa plazaratu ostean betiere. EAJ, bere aldetik, poztu egin zen hori entzutean.