Ez dago galduta Abastos plazaren eraberritzera bideratutako Europako Next Generation funtsen diru-laguntza. Laudioko Udalak jakinarazi duenez, abenduaren 31ra arte luzatu da obraren %60a egiteko epea. Baldintza hori betetzen badu, 1,6 milioi euroko diru-laguntza mantenduko litzateke. Hala jakinarazi du Estatu Gobernuko Merkataritzako Idazkari den Xiana Margarida Mendezek, tokiko erakundeak azaldu duenez.
Epeak berri horiek betetzeko, urrats garrantzitsua eman dute gaur goizean bertan, obra nori esleitu proposatu baitu Udal Kontratatzio Mahaiak. Aurreikuspenak betetzen badira, Altuna y Uria eta Hormak enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteak egingo ditu lanak, anbulategi berriaren lizitazioa irabazi duen talde berdinak. Horrez gain, nabarmentzekoa da Altuna y Uria dagoela baita antzokiko obraren atzean.
Plaza erabat berregituratzea izango da obren xedea, eta hainbat berrikuntza sartuko dira, kasierako proiektuan aurreikusten ez zirenak. Izan ere, partaidetza prozesua abiatu zuen Udalak iaz, eta bertan jasotako ekarpen ugari txertatu dituzte egitasmoaren azken bertsioan.
Jakinda Artaraz zinegotziak nabarmendu du Udal Gobernuak uneroro eutsi diola proiektuari, baita diru-laguntza jasoko ez zuela uste zenean ere. "Gobernu Taldetik proiektu honekiko dugun konpromisoa berresten dugu. Laudiorentzat ezinbestekotzat jotzen dugu, inguruaren hiri-berroneratzea eta balioa ematea bilatzen duelako", adierazi du Sustapen Ekonomikoko arduradunak.