Laudioko larrialdietan berriro medikurik ez dagoela salatu dute

Aitor Aspuru Saez 2024ko mar. 13a, 17:45

Mobilizazioak egin dituzte Laudioko anbulatorioan 42 urteko herritar baten heriotzaren ondoren. / Aiaraldea.eus

ESK sindikatuak publiko egin du Laudioko Etengabeko Arreta Gunean ez dagoela medikurik eta ez dakitela noiz arte luzatuko den egoera.

ESK sindikatuak Galdakaoko OSIko zuzendaritzaren dimisioa exijitu du Laudioko Etengabeko Arreta Gunean medikurik ez dagoelako. Antolakundeak adierazi du arduradunek bazutela horren berri eta ez dutela ezer egin konpontzeko.

Zehazki, sindikatuak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari ez dutela sendagile titularraren ordezkorik bilatu. Halaber, ESKk ez daki noiz aldatuko den egungo egoera.

Etengabeko Arreta Guneko langile bat ere jarri da Aiaraldea Komunikabidearekin harremanetan. Honek azaldu du medikuak astelehenean jakinarazi zuela ondoezik zegoela, eta ordutik hona Osakidetzak ez duela ordezkorik bilatu. Nabarmendu dutenez, langileak Udalarekin jarri dira harremanetan, "jada nahiko nekatuta" daudelako egoerarekin.

Gogoratu beharra dago urtarrilaren hasieran 42 urteko laudioar bat hil zela anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunean mediku batek artatu gabe. Horrek mobilizazioak eragin ditu eskualdean, azkena iragan otsailaren 29an.

Aiaraldeko alkateen bilera

Hain zuzen, Laudioko Udalak iragarri du hurrengo asteazkenean, martxoaren 20an, eskualdeko alkateen bilera egingo dutela osasun zerbitzuari buruz mintzatzeko eta erantzun instituzionala koordinatzeko.

Ekimena iragarri zuten duela aste batzuk, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuarekin izandako bilerak "emaitza positiborik gabe" amaitu ostean.

Halaber, Tokiko Osasun Zentroarekin elkarlana bultzatzeko eta koordinazioa sustatzeko, herriko zein Amurrioko larrialdietako langileekin biltzen hasi da Laudioko Udala. Datozen asteetan beste bilera bat izango du tokiko erakundeak Arabako eta Bizkaiko Medikuen Elkargoarekin.

Bi foroetako egoera kontrastatu ondoren, Udalak bere ondorioak helaraziko dizkie herritarrei, ekimen berriak aktibatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide