“Udalak ez du inoiz borondaterik izan parkean gaztetxe bat egoteko”

Txabi Alvarado Bañares 2024ko api. 25a, 12:00

Unai Garrido Couceiro, Iraia Sabater Bombin eta Aimar Larrazabal Gonzalez, gaztetxea zegoen espazioaren aurrean. / Laudioko Gazte Asanblada

Laudioko Gazte Asanbladako kideak dira UNAI GARRIDO COUCEIRO, IRAIA SABATER BOMBIN eta AIMAR LARRAZABAL GONZALEZ. Lamuza parkeko gaztetxera itzultzeko borrokari eta Udalarekin horren harira izandako elkarrizketei buruz mintzatu dira.

Ekainean 2 urte beteko dira Laudioko Gaztetxea husteko agindua jaso zenutenetik. Zer nolako bilakaera egon da ordutik hona?

Aipatzen duzuen modura, ia bi urte daramagu gaztetxerik gabe. Hori oztopo handia izan da Gazte Asanbladaren jarduera aurrera eramateko. Hala ere, gazteria antolatzen eta hainbat gertaerei erantzuna ematen saiatu gara, gaztetxearen beharrezkotasuna aldarrikatu dugun bitartean. Besteak beste; Gazte Eguna, Palestinaren aldeko ekimenak edota eolikoen inguruko hitzaldia egin ditugu, horietako batzuk Jai Batzordearekin zein Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformarekin batera. Ekintza hauek guztiak espazio faltagatik mugatuak egon dira, noski.

Martxoan plazaratutako oharrean aipatzen zenutenez, bost hilabete daramatzazue Udal Gobernu berriarekin Gaztetxearen inguruan hitz egiten. Nola joan dira bilera horiek? Zeozer zehatza proposatu dizuete?

Hilabete hauetan alkatearekin eta gazteria zinegotziarekin bildu gara, baina tarte honetan ez dugu ezer aurreratzea lortu, udalak ez baitu inoiz gaztetxe bat zabaltzeko asmorik izan. EAJ-PNVek aurreko legegintzaldian Lamuza Parkearen gainean era autoritarioan agindu zuen, kolektiboak haien espazioetatik kanporatuz eta ekarpenak erabat mugatuz obra plan berrian.

Lau urte horiek galdutzat eman ditzakegu, bai guk eta baita herriko eragile eta norbanakoek ere. Udal gobernu berriari dagokionez, gauzak ez dira aldatu. Urrian egin genuen lehen bilera eta handik hona aurrerapenik ez da egon. Aldarrikapen zehatza dugu: Laudiok gaztetxe bat behar du eta hori helarazi diegu behin eta berriz. 

“Udal gobernu berriari dagokionez, gauzak ez dira aldatu. Urrian egin genuen lehen bilera eta handik hona aurrerapenik ez da egon”

Zuen hitzetan, aitzakiak baino ez dituzue jaso Udalaren partetik. Zergatik diozue hori?

Udalak ez du inoiz borondaterik izan parkean gaztetxe bat egoteko, eta hainbat elementu mahaigaineratu daitezke horren erakusle direnak. 
Lehenik eta behin, nahiko adierazgarria da bilerak izan ditugun bitartean parkean obrak gauzatzen egotea. Nola da posible gaztetxeaz hitz egiten ibiltzea hondeagailu baten bidez espazioa suntsitzen ari diren bitartean? Horrekin batera, orain arte egin ditugun bileretan, esan digute parkerako prozesu parte hartzaile bat aurrera eraman nahi dutela, eta hori erabiltzen dute haien burua justifikatzeko. Non geratzen da Gazte Asanbladaren legitimitatea? Zein denboratan eramango dute prozesu hau aurrera? Obrak bukatuta daudenean eta espazioak guztiz aldatuta daudenean? Guretzat prozesu hori pantomima bat baino ez da…

“Plano orokorrak kafetegi bat aurreikusten du gaztetxean, eta momentu hauetan gauzatzen ari diren obra espazioa horretara egokitzeko da. Jada barrutik eraldatu dute espazio hori”

Horrekin batera, plano orokorrak kafetegi bat aurreikusten du Gaztetxean, eta momentu hauetan gauzatzen ari diren obra espazioa horretara egokitzeko da. Jada barrutik eraldatu dute espazioa. 23 urte dituen gaztetxe bat suntsitu nahi ote da negozio bat martxan jartzeko? Norbaitek azalpenak eman beharko lituzke… 

Azken oharra plazaratu zenutenetik, izan duzue harreman gehiago Udalarekin edo aurrerapauso gehiago Gaztetxearen aferari dagokionez?

Momentuz, ez dugu harreman gehiagorik izan. Bilera horietan aurreratzen ez genuela ikusita, eta Gazte Asanblada espazioaren kudeatzaile zilegi gisa ukatzen zelaz jabetuta, gure bide propioa egin behar genuela erabaki genuen. Horrek Gazte Asanblada indartu eta belaunaldi berriak erakarri ditu. Gaztetxe bat irekitzeko edozein proposamen egiteko, asanblada batera etorri besterik ez dute.

Gaztetxearen jatorrizko kokalekura itzultzea duzue helburu. Bestelako alternatibarik pentsatu duzue? Beste espazioren batera joateko aukerak baloratu dituzue?

Gure helburu nagusia 23 urtez gaztetxea izan den lekura itzultzea da, ez baitago gu bertatik kanporatzeko argudiorik, Laudioko gazteriari bere erabakitzeko gaitasuna ukatzea ez bada. Hala ere, proposamen errealak egonez gero, gu prest gaude entzuteko. Bitartean aukera desberdinak baloratzen ari gara auziari irtenbidea emateko.

“Orain arte egin ditugun bileretan, esan digute parkerako prozesu parte hartzaile bat aurrera eraman nahi dutela, eta hori erabiltzen dute haien burua justifikatzeko”

Azken albisteen arabera, urte amaieran bukatuko dira Lamuza parkeko eraikinen obrak. Zein da zuen asmoa urte honetan? 

Gure asmoa gaztetxearen alde borrokan jarraitzea da. Herri honetan gazteontzako espazioak behar ditugu, instituzioetatik kanpo antolakuntza politikoa indartzen jarraitzeko. Instituzioen zain baldin bagaude emaitza zein den badakigu. Bai EAJ-PNVk eta baita EH Bilduk ere ez dute ezer egin gaztetxearen alde. Beraz, gure kabuz lan egiten jarraitu beharko dugu. 

Gaztetxearen aferaz gain, Gazte Asanbladatik baduzue bestelako erronka edo helbururik datozen hilabeteei begira?

Momentu honetan gure helburu nagusia gaztetxea lortzea da, horrek gerora gure jarduna aurrera eramateko baldintza hobeagoak sortuko dizkigulako. Hala ere, badira gazteon erantzuna eskatzen duten beste zenbait gai. Alde batetik, inguru naturalen suntsipena dago eta, horrekin batera, eolikoen gaia. Bestetik, azken aldian gorakada nabarmena izan duen gazteon aurkako errepresioaren afera dago. Hortaz baliteke gai horiek ere jorratzea.

Bukatzeko, azken galdera bat: Zertarako behar du Laudiok gaztetxe bat? 

Momentu honetan guztiz hilda aurkitzen den herri honetan gaztetxea ezinbestekoa dela argi dugu. Kontzertuak, gazte egunak, tailerrak, hitzaldiak…. eta herriari bultzada emateko beste edozein gauza antolatzeko guztiz beharrezkoa du Laudiok espazio hori.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide