Abasto plaza eraberritzeko lanek erronka berriari egin behar diote aurre: egungo merkatarientzako toki aproposa eskaintzea lanek irauten duten bitartean.
Udalak eta merkatariek adostu dute Zubiko Kurajoko lokal huts batean kokatuko direla azokan aritzen diren negozioak, eta obrak jadanik hasi dituzte espazio hori egokitzeko.
Berebizikoa ez dirudien arren, urratsa ezinbestekoa da Laudioko Udalak bere helburua bete dezan. Izan ere, Next Generation Funtsen dirulaguntza jasotzeko, urte amaieran obraren %60 amaituta egon beharko da eta, horretarako, lehenik eta behin, eraikina eraitsi behar dute, ezinezkoa dena merkatariak han dauden bitartean.
Gogoratu beharra dago proiektua 2,6 milioi eurokoa dela eta Europar Batasunak erdia baino gehiago hartuko lukela bere gain epeak betez gero. Horretarako bidea malkartsua izaten ari da. Iazko urrian Laudioko Udalak uste zuen dirulaguntza jasotzeko aukera itxita zegoela eta berezko bitartekoekin ekin zion proiektua egikaritzeari.
Parte hartze prozesua abiatu eta gero, eta egitasmoa berregituratuta, urtarrilean aurkeztu zuen lizitazioa Udalak eta handik gutxira jakin zuen erakundeak Next Generation Funtsak eskuratzeko atea irekita zegoela oraindik.