Latiorro Eskolan ikasi nahi zuten hiru familiek jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren erabakia, guztiei ezezko borobila eman baitie.
Hain zuzen, hirurek bi urteko adingabeak dituzte eta ikastetxe publikoan matrikulatu nahi zituzten euren seme-alabak, baina Administrazioak aukera hori ukatu die.
Familia bakoitza egoera ezberdinean dago. Batek ez zuen hautatu ikastetxe hori aurrematrikula egitean, baina bere egoeran izandako aldaketen ondorioz -herrigunetik Gardeara joan dira bizitzen eta garraio publikoa behar dute bi kilometroko tarte hori egiteko-, Latiorrora jo zuten.
Beste familia baten kasuan, aurrematrikulan beste ikastetxe bat adierazi zuten, baina hori ez zitzaienez esleitu, Latiorroren alde egin zuten.
Bi kasu horietan itunpeko hezkuntza zentroan sartuko dira umeak. Azkena, ordea, egoera okerrenean geratu da, plaza gabe geratu baita, sare publikoan zein pribatuan. Kasu horretan, gurasoek epez kanpo bete zuten matrikulan, eta Latiorron sartu nahi zuten haurra, bere anaia nagusia han dagoelako jadanik.
Familiei heldu zaizkien argudioak
Gurasoek salatu duten beste puntu bat izan da eurei zuzenean ez zaiela erantzunik heldu, eta zeharka jaso dutela Latiorro eskolako zuzendaritzaren bitartez. Bi familien kasuan arrazoia izan da jadanik beste bi ikastetxe esleitu zizkietela.
Aldiz, plaza barik geratu denarentzat, Hezkuntza sailak argudiatu du bi urteko gelako ikasturtea ez dela derrigorrezkoa eta Latiorroko gela hori beteta dagoenez, ez dutela onartuko beste ume bat, ez baita nahikoa tutore gehigarria jartzeko.
Gogoratu beharra dago ikastetxe publiko horren Lehen Hezkuntzako seigarren ikasturtean egoera hori ematen dela gela guztietan. Hau da, ezarritako ume kopurua gainditzen dutela, baina tutore batekin indartzen dute ikasturte hori.
Horrez gain, aipatu beharra dago ikasturtea bitarteko gutxiagorekin abiatu dutela eskualdeko hiru ikastetxek, zuzendaritza lanaldiak murriztu baititu Hezkuntza Sailak Artziniegako Arteko Gure Aman, Latiorro Eskolan eta Aretako Herri Eskolan.
Latiorroko zuzendaritzaren bitartekaritza
Latiorro Eskolako zuzendaritza taldeak argitu dio Aiaraldea Hedabideari eurak jarri zirela harremanetan Hezkuntza Sailarekin, ikusita familiek esaten zietela ez zekitela zer gertatuko zen hastear dagoen ikasturtean.
Horri esker jakin izan zuten Sailak jadanik bidali dituela erantzunak eskutitz bidez eta oraindik ez direla heldu etxeetara. Halaber, ezezkoen arrazoiak jaso zituen zuzendaritzak.
Aiaraldeko Hezkuntza Publikoaren aldeko plataformaren iritzia
Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa Bizirik! plataformak iritzi oso kritikoa zabaldu du gertatutakoaren inguruan. Izan ere, bere ustez, "Eusko Jaurlaritzak eskualdeko hiru familia sare publikotik kanpo utzi ditu, hainbat eskoletako zuzendaritza-orduak murriztu ditu, eskola publiko batzuren ratioa ere murriztu du jaioetako kopurua aintzat hartuta eta milioika euro gehitu dizkio itunpeko sarera, eta hori guztia Hezkuntza Lege berriak babestuta".
Plataformaren aburuz, "itunpeko eskola indartu baino ez du egiten, publikoak gero eta murrizketa gehiago pairatzen dituen bitartean".
Zerbitzu publikoak kolokan
Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa Bizirik! taldeak, bestalde, gertatutakoa EAEko zerbitzu publikoen gainbeheran kokatu du. Gogoratu du atzo manifestazio jendetsua egon zela osasungintzan jazotzen ari denagatik, eta azpimarratu du "sistema pribatua indartzen eta publikoa ahultzen" duen prozesua osasungintzan ez ezik, hezkuntzan ere ematen ari dela. "Hezkuntza sistema publikoa ere kinka larrian dago. Familiei ez zaie tokia bermatzen hezkuntza publikoan eta itunpeko ikastetxera desbideratzen dituzte", adierazi dute.