Cosecha del 48 elkartearen aitortza jasoko du Juan Carlos Navarro Ullesek irailaren 26an. 12:30ean izango da omenaldia, Laudioko Kultur Etxeko Arraño aretoan. Bertan, ikerlari laudioarrak eginiko lana goraipatuko dute. Izan ere, Navarrok ibilbide oparoa egin du herriko historia eta ondarea ikertzen, artikulu eta liburu ugari plazaratuta. Berea da, adibidez, Laudioko erraldoi eta buruhandien historia aztertzen duen liburua, eta ezagutza zabala du baita Lamuza parkeko eraikinei eta bertan bizi ziren Urquijo markesei buruz ere, beste gai askoren artean.
Berez, 48. urtean jaiotako laudioarrak biltzen dituen elkartea da Cosecha del 48, baina bere jarduna kinta-talde huts bat izatetik harago doa. Urtero egiten duten omenaldia da horren adibide argiena. Azken urteetan Laudioko talde zein norbanako ugariri egin diete aitortza: Larra Bustingintza zeramika taldeari 2020an, Jose Salazarri 2021ean, 80 urte baino gehiago dituzten apaizei 2022an eta Jose Mari Castillori iaz.
Gainera, iaz 25 urte bete zituen elkarteak eta, jai bat egiteaz gain, liburu bat argitaratu zuten efemeridea ospatzeko.