Hardcore Hits Cancer jaialdiaren edizio berria egingo dute larunbatean. Bosgarren edizioa izango da aurtengoa eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Lehen ekintza 13:00etan aurreikusi dute Malacopa taldearen eskutik eta 16:00etan DJ Broken Bones-en txanda helduko da.
20:00etan zazpi taldek hartuko dute oholtza. Punk, rock eta hardcore doinuak izango dira nagusi, Doble Fuerza, Crippers, Shöck, Mal Asunto, Lur, Penadas Por la Ley eta Tropikal Hardcoreren emanaldiekin. Sarrerek 15 euro balioko dute eta Sorgin Tabernan bertan eros daitezke.
Berez, taberna horretan egingo dute ekitaldi osoa, baina herriko zein kanpoko negozio gehiagok lagundu dute, kartelean ikus daitekeen moduan:
Aurten Israel Fernandez laudioarrak Hardcore Hits Cancerreko kanpoko kideen laguntza -Agui, Dani eta Joaki- izango du berriro, baina azpimarratu du Juan Jose Arto 'Pelukas'-en babesa izan dueka antolakuntzan eta izugarri eskertu duela.
Berez, iaz 3.200 euro eskuratu zituzten Hardcore Hits Cancer-AFANOC elkartearentzat, eta duela bi urte 1.800 izan ziren. Talde horrek laguntza eskaintzen die minbizia duten umeak eta bitarteko urriak dituzten familiei, tratamenduari lotutako gastuak ordaintzeko, adibidez (bidaiak, etxea...).
Antolatzaileek gogoratu dute ekarpen ekonomikoa egiteko ez dela beharrezkoa kontzertura joatea: "Merchandisingaren salmenta (kamisetak, adibidez) diru iturri oso garrantzitsua da eta postu bat jarriko dugu larunbatean, nahi duenak erosi ditzan. Norbaitek lagundu nahi badu, aukera izango du horretarako".