Grafik Sarea eta Hyundai Eska enpresa laudioarrek jaso dute Lazarraga Saria, Gasteizko Sartu Alava, Elkar San Prudencio eta Jimmy Jazz erakundeekin batera. Bai Euskarari Elkarteak banatzen ditu sari horiek, Foru Aldundiaren babesarekin, Arabako arlo sozioekonomikoan euskararen alde egiten den lana aitortzeko.
Horregatik saritu dituzte, hain zuzen, Aiaraldeko bi enpresak. Grafik Sarearen kasuan, nabarmendu dute kooperatiba horrek 2011 urtetik daukala Bai Euskarari Ziurtagiria, eta euskaraz eskaintzen dituztela zerbitzuak. "Barne komunikazioak eta barne funtzionamendua, bilerak eta abar euskaraz egiten dituzte eta euskara haien filosofiaren baitan ardaztua daukate", goraipatu dute sariketaren antolatzaileek.
Hyundai Eskaren kasuan, nabarmendu dute 2010tik duela auto tailer horrek Bai Euskarari Ziurtagiria, eta "Zerbitzua euskaraz" izeneko maila lortu duela. Gainera, bost langiletik lau dira euskaldunak, "eta ahalegin berezia egiten dute bezero guztiak euskaraz artatzeko".
Gaur eguerdian egin da sari banaketa Artium museoan, Edurne Azkarate aktorearen gidaritzapean. Bergoi Madernaz del Pozo Bai Euskarari Elkarteko aholkulariaren eta Ramiro Gonzalez Vicente Arabako Diputatu Nagusiaren artean banatu dituzte oroigarriak, eta hitzartze bana ere eskaini dute ekitaldian.
Madernaz del Pozok nabarmendu du "estrategikoa" izan behar duela “lan munduan euskaraz eroso aritzea" datozen urteetako hizkuntza politikei begira, "hezkuntzan egiten den inbertsoa lan munduan galdu" ez dadin. Ahaldun Nagusiak, bere aldetik, "urratsa" emateko gonbita luzatu die Arabako enpresei, praktikaldiak euskaraz egiteko aukera eskainiz ikasleei, besteak beste.
Saridun ugari eskualdean
Azken urteetan Aiaraldeko hainbat entitatek jaso dute Lazarraga Saria. JEZ enpresak 2010ean jaso zuen, handik bi urtera iritsi zen Gometegui eta Cuadrabusen txanda, eta 2016an Adi Grafikena. 2018an, aldiz, Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak jaso zuen aitortza.