Laudioko arte adierazpen anitzen isla da Kulturlab espazioa eta gaur arkitektura izango da protagonista. Hain zuzen, Beñat Saratxagak eta Gentzane Goikuriak hitza hartuko dute euren lanari buruz aritzeko.
Arkitektoak Euskal Herriko abangoardian daude eta euren jarduera behin baino gehiagotan saritu dute lankideek. Adibidez, Euskal Herriko Elkargoaren Saria merezi izan zuten Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren egoitza diseinatzeagatik. Edonola ere, hori ez da izan jaso duten aitortza bakarra, Egurtek Sariaren irabazleak ere izan baitira.
Horrez gain, euren aztarna utzi dute eskualdeko eraikin esanguratsuetan, Oxinburun, esaterako.
Hitzaldia eta esku-hartzea
Gaurko hitzordura bertaratzen direnek bi esperientzia izateko aukera izango dute. Alde batetik, hitzaldia bera; eta, bestetik, arkitektoek prestatutako erakusketa Kulturlaben.
Kulturlab egitasmoak berak azpimarratu du hartzen ari den erakusketaren kalitatea: "Erakusketak espazioan bertan egindako esku-hartze arkitektoniko bat barne hartzen du. Oso txikia izan arren, erabat eraldatu egin da, erdiko ardatz baten inguruan egituratutako hamabi eremu txikitan banatuz. Ardatz horrek egur pintatuko lau trenkada ditu, eta zortzi irekiera, hamasei gortinekin osatuak. Lekuaren aurreko karakterizazioa nabarmen aldatzen duen banaketa honetan, erakusketaren lau eremuak artikulatzen dira, non estudioak egindako arkitektura-lanen kalitate handiko argazki ugari ikus daitezkeen, artista ezberdinen piezekin eta taldearen lan egiteko modua inspiratzen duten liburuekin batera. Poesiaren, arte bisualen, argazkigintzaren, filosofiaren eta arkitekturaren arteko elkarrekintzan, espazioak eta eraikinak sortzeko edo eraldatzearekiko begirada espezifiko bati buruz hitz egiten digu".
Gaur joateko parada ez dutenek, honako egun eta ordutegietan bisitatu ahalko dute erakusketa:
- Ostegunetan: 12:00-14:00 / 18:30-20:30
- Ostiraletan: 8:30-20:30
- Larunbatetan: 12:00-14:00 / 18:30-20:30
- Igandetan: 12:00-14:00